Datorren astelehenean, azaroak 16, Musakolako kiroldegian igerilekuko kristalera konpontzen hasiko dira
Joan den urriaren 21ean izandako haizete bortitzak kalte ugari eragin zuen herrian. Horien artean, Musakolako kiroldegian igerilekuko kristalera jausi zen. Ordutik udala lan batzuk bideratzen ibili da ahalik eta lasterren zerbitzua berrezartzeko: perituen azterketa, aseguruaren txostena eta konponketa zertan den.
Atzo, azaroaren 12an, Tokiko Gobernu Batzarrak onartu zuen urgentziaz konpontzea Musakolako igerilekuko kristalera, behin tramite guztiak egin ostean. Lanak hasiko dira astelehenean, azaroaren 16an.
Polikarbonatozko 2 plaka jarriko dira, kristal bikoitzeko aluminiozko itxiturarekin. Lanen aurrekontua da 58.800 euro, BEZ barik. Aurreikusita dago lanak hilabete honetan amaitzea, eta horren ostean ohiko jarduna berreskuratuko da.
Urriaren 21az geroztik igerilekua itxita egon da, eta udala, bitarte horretan, saiatu da herritarrei igerileku zerbitzua eskaintzen. Aztertu zen bien bitartean inguruko herrietako igerilekuak erabiltzea, baina Covid-19ak eragindako egoera eta ezarritako segurtasun mugak direla-eta ez da egon aukerarik hori egiteko.
Igerilekua itxita egon den denboran erabiltzaileei eragindako kaltea arintze aldera, udalak epealdi horretako bonuaren zati proportzionala itzuliko die erabiltzaileei.
Albiste erlazionatuak
Kirolak
- Arrasateko Udalak Vasco-Navarro bide berdearen seinaleak berrituko ditu 2021/02/09
- Arrasateko Udalak Musakolako kiroldegiko abonuen prezioak bere horretan mantenduko ditu 2021ean 2021/02/08
- Musakolako igerilekua zapatuan, otsailak 6, irekiko da 2021/02/05
- Musakolako kiroldegian igerilekuko beiratea urtarrilaren 28an hasiko dira jartzen 2021/01/19