Datozen asteetan Arrasate etxebizitza merkatu tentsionatuaren eremu izendatzea espero du Udalak

2025/09/08
Card image cap
Arrasateko Udalak maiatzaren 30ean aurkeztu zion udalerria bizitegi-merkatuaren tentsio eremu izendatzeko eskaera Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailari. Honi dagokio izendapen ofiziala onartu eta publikatzea. Izendapenaz gain, ekintza planaren proposamena ere bidali zuen, etxebizitzaren garestitzeari aurre egiteko neurri ezberdinekin.

Datozen asteetan Eusko Jaurlaritzak erabakia har dezala espero du Arrasateko Udalak: udalerria Etxebizitza merkatu tentsionatuaren eremu gisa izendatuaz. Izendapen horrek, udal ordezkarien esanetan, urrats erabakigarria izango da herritarrek etxebizitza eskuragarria izateko duten eskubidea bermatzeko.


“Arrasaten etxebizitza eskubidea defendatzea eta bermatzea da gure lehentasuna. Horregatik, diagnostiko sakona egin dugu eta plan sendo bat prestatu, gure udalerriko etxebizitza politiketan bide argi bat jarriz”, adierazi du Garazi Etxeberriak, etxebizitza arloa barnebiltzen duen Hirigintza, Trantsizio ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak.
Udalaren ustez, eremu tentsionatuaren aitortza tresna giltzarria izango da datozen urteetan etxebizitzaren prezioak egonkortu eta alokairu eskuragarria sustatzeko, eta Eusko Jaurlaritzaren izendapena udalerriko ekintza plana martxan jartzeko baldintza garrantzitsua da.

Maiatzean aurkeztutako ekintza planarekin aurrera


Joan den maiatzean Arrasateko Udalak lehen aldiz aurkeztu zuen bizitegi-merkatuaren tentsio egoeraren inguruko diagnosi eta ekintza plana, 12/2023 Etxebizitza Eskubideari buruzko Legearen testuinguruan. Txosten horrek udalerri osoaren egoera sozioekonomiko eta demografikoaren azterketa xehea jasotzen du, Arrasate tentsio handiko eremu gisa aitortzeko baldintzak betetzen dituela frogatuz.
Ekintza Planak hiru urteko indarraldia izango du, eta lau ardatz estrategikotan antolatu da:

  1. Alokairu eskuragarria sustatzea
    • Prezioei muga ezartzea eta eskaintza handitzea, bizitegi babestu berriak eta zuzkidurazko bizitokiak garatuz.
    • Landa eremuen biziberritzea eta diseinu berritzaileak sustatzea.
  2. Bizitegi-parkearen berroneratzea eta berrikuntza
    • Etxebizitza zaharren egokitzapena eta birgaitzea, irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna lehenetsiz.
    • Hiri dentsifikazioa eta erabileren nahasketa aztertzea.
  3. Alokairurako laguntza-sistemak
    • Gazteen emantzipazioari laguntzea eta kolektibo zaurgarriei babes handiagoa ematea.
    • Neurri fiskal pizgarriak etxebizitzak merkaturatzen dituzten jabe eta sustatzaileentzat.
  4. Gobernantza berria eta erakundeen arteko koordinazioa
    • Etxebizitza hutsen erabilera sustatzeko neurriak.
    • Prezioen kontrola eta alokairu turistikoaren erregulazioa.
    • Espazioen erabilera intentsiboagoa eta bizitoki alternatibo berriak.


Plan honek, Udalaren esanetan, “etxebizitza politika aurreratu baterako ibilbide-orria” eskaintzen du, eta erakunde ezberdinen arteko lankidetza ezinbestekoa izango da aurrera eramateko.


Urrats berria, herritarren alde


Arrasateko Udalak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren izendapen formala lortzeak ekintza planari indar juridiko eta politiko handiagoa emango dio, eta bide emango du etxebizitza eskuragarria sustatzeko eta espekulazioaren aurka modu eraginkorragoan jarduteko.
“Ez da soilik politika publikoen gaia: gure herritarrek etxebizitza duina izateko duten eskubideari erantzutea da. Horretan ari gara lanean, eta horrela jarraituko dugu gure eskumenen markoan lanean”, nabarmendu du Etxeberriak.