Debagoienean energia kontsumoa murrizteko eta berriztagarriak garatzeko gomendio-sorta aurkeztu du herritarren batzarrak
2026/01/16
Bertan, besteak beste, instalazio fotovoltaikoen kudeaketaren prozesu guztian zerbitzu integrala eskaintzea eta herritarren iritzi eta ekarpenak erdigunean dituen prozesuen bidez energia berriztagarrien azpiegiturak aztertzea proposatu dute. Baita Debagoieneko autoaren mugikortasun alternatiborako sarea sortzea eta Debagoieneko ibilgailu publikoen elektrifikazioa lortzea ere. (Gomendio guztiak, eranskinean).
Urriaren 18an jarri zen martxan, Argitzen deliberazio prozesuaren erdigunean dagoen Herritarren Batzarra. Bost saiotan zehar, eskualdeko 50 kideek energia trantsizioaren inguruko informazioa jaso dute hainbat adituren eskutik, ondoren galdera honi erantzun ahal izateko:
“Zein ekintza edo aldaketa burutu beharko dituzte Debagoieneko tokiko eragileek energia kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarrien garapenerako?”
Galderari erantzunez, gomendio-sorta bat adostu dute eta prozesua sustatu duen Mandatu Organoari helarazi diote, eta honek konpromisoa hartu du gomendio horiei sei hilabeteko epean erantzun bat emateko.
Mandatu Organoa sektore publiko, pribatu eta komunitarioko 18 eragilek osatzen dute eta prozesua bideratzen ari dira lankidetzan: Antzuolako Udala, Aramaioko Udala, Aretxabaletako Udala, Arrasateko Udala, Bergarako Udala, Elgetako Udala, Eskoriatzako Udala, Leintz Gatzagako Udala, Oñatiko Udala, Deba Garaia landa garapena, Ekiola, Berener, Ixotzen, Esnargi, Tantai, Goiener, Fagor eta Enpresare.
Herritarren Batzarraren gomendioak Mandatu Organoari
1. gomendioa: Instalazio fotovoltaikoen kudeaketaren prozesu guztian zerbitzu integrala eskaintzea.
2. gomendioa: Instalazio fotovoltaikoen sustapena.
3. gomendioa: Energia berriztagarrien azpiegiturak aztertzea herritarren iritzi eta ekarpenak erdigunean dituen prozesuen bidez.
4. gomendioa: Eraikin publiko zein pribatuen transformazioa efizientzia energetiko handiago baterantz.
5. gomendioa: CO2 isuriak murriztea garraio pribatuan.
6. gomendioa: Debagoieneko autoaren mugikortasun alternatiborako sarea sortzea eta Debagoieneko ibilgailu publikoen elektrifikazioa lortzea.
7. gomendioa: Neutralitate energetikoa industrian.
8. gomendioa: Formaziorako eta kontzientzia hartzeko hezkuntza metodoak.
9. gomendioa: Bertako kontsumoa bultzatu eta sustatzea.
10. gomendioa: Informazioa hedabideen bitartez.
11. gomendioa: Hiri aterpe klimatikoak sortu.
Datozen egunetan gomendio bakoitzaren deskribapen garatua egingo da publiko.