Debagoieneko alkateak azaroaren 24an Aldundiarekin bilduko dira eskualdeko autobus zerbitzuaren egoera larria konpontzeko eskatzeko

2025/11/21
Card image cap
Debagoieneko alkateak datorren azaroaren 24an bilera egingo dute Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Diputatuarekin, eskualdeko autobus zerbitzuaren egoera larria berriz mahai gainean jartzeko, hala jakinarazi dute publikoki.

Duela urtebete bidalitako proposamenak geldirik daude

“Orain dela urte bete puntu eta eskaera zehatzak helarazi genizkion Aldundiari. Diputatuak hauek aztertu eta aurrera urratsak emateko konpromisoa azaldu zuen arren, gaur egun ez dugu irtenbiderik ikusten eta aldaketa esanguratsuak ez dira gauzatu” azaldu dute.

Bidalitako eskaeren artean, hauek dira nagusiak:

  • Herrien arteko loturetan 15 minutuko maiztasuna bermatzea
  • Puntualtasuna bermatzeko neurri eraginkorrak ezartzea
  • Hiriburuetarako eta kanpoko konexio estrategikoak indartzea

Egoera kezkagarria: lineen arteko konexio eskasak eta eguneroko arazoak

Eskualdeak ia 63.000 biztanle ditu eta autobusa da garraio publiko bakarra. Herrien arteko mugikortasuna funtsezkoa da eguneroko jardunerako, baina gaur egungo egoerak kezka handia sortzen du:

  • lineen arteko konexio eskasak
  • puntualtasun eza
  • matxurak eta ibilgailuen egoera kaskarra
  • maiztasun eta ordutegi desorekatuak

Azaroaren 24ko bilera: konponbideak, epeak eta konpromisoak

Alkateen helburua argia da: Debagoieneko herritarrek garraio publiko duina, puntuala eta egonkorra izatea. Horregatik, aurrez helarazitako proposamenak berriz ere mahaigaineratuko dituzte eta zein puntutan dauden jakitea eskatuko dute, behar den jarraipena bermatzeko.

“Bileran, Aldundiari konpromiso argiak eta egutegi zehatzak eskatuko dizkiogu. Debagoienak ezin du gehiago itxaron: zerbitzuaren egoerak ikasleen eta langileen eguneroko garraioan, emakumeen segurtasunean eta garraio pribatuaren menpekotasuna murrizteko estrategian eragin zuzena du” adierazi dute alkateek.

Elkarlana eta premiazko neurriak

Debagoieneko udal ordezkariek elkarlanerako borondate osoa adierazi dute, “baina argi utzi nahi dugu: eskualdeak kalitatezko garraio publikoa behar du orain, ez etorkizun lauso batean”.