Debagoieneko Mankomunitateak ekintzaileentzako prestakuntza tailerrak antolatu ditu
2026/04/01
Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Ekonomikorako Agentziak, "Ekin Debagoienean" ekimenaren barruan, eskualdean jarduera ekonomiko bat abian jartzeko asmoa duten pertsonei zuzendutako prestakuntza-zikloa iragarri du. Tailer hauek apirilaren 20tik 24ra bitartean egingo dira Mankomunitatearen egoitzan (Nafarroa Etorbidea, 17, Arrasate).
Eskaintza honek ekintzailetza prozesuaren hainbat alderdi jorratzen ditu, eta interesatuek tailer batean edo gehiagotan eman dezakete izena, euren beharren arabera.
Bost formazio saio
- Apirilak 20, astelehena (09:30-13:30): Ideia aztertzea eta dirulaguntzak. Negozio-ideia CANVAS metodologia erabiliz aztertuko da, eta Debagoienean ekiteko dauden laguntzak eta baliabideak aurkeztuko dira.
- Apirilak 21, asteartea (09:30-13:30): Oinarrizko kudeaketa. Kudeaketaren oinarrizko kontzeptuak, prezioen eta kostuen kalkulua eta gutxieneko fakturazioa landuko dira.
- Apirilak 22, asteazkena (09:30-13:30): Abian jartzea. Jarduera martxan jartzeko eman beharreko pausoak aztertuko dira: izapideak, era juridikoak, lokala, Gizarte Segurantza eta Foru Ogasuna, besteak beste.
- Apirilak 23, osteguna (09:30-13:30): Komunikazioa. Komunikazio eraginkorra lortzeko oinarrizko kontzeptuak irakatsiko dira.
- Apirilak 24, ostirala (09:30-12:30): Fakturabai. Tailer praktiko honetara partaide bakoitzak bere ordenagailua ekarri behar du.
Izen-ematea eta kontaktua
Saio hauetan parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea esteka honetan. Interesatuek bide hauen bidez jar daitezke harremanetan Garapen Ekonomikorako Agentziarekin:
- Posta elektronikoa: rgarcia@debagoiena.eus
- Telefonoa: 943 79 30 90
Informazio gehiago nahi izanez gero, Debagoieneko Mankomunitatearen egoitzara jo daiteke.