Digitalizazioan jauzi kualitatiboa emango du Musakolako kiroldegiak txartel digitalarekin eta ticket makina automatikoarekin
2025/07/03
Musakolako kiroldegiak jauzi esanguratsua eman du gaur digitalizazioaren bidean: hemendik aurrera, instalaziora NIK txartel digitalaren bidez sartu ahalko da, eta erabiltzaileek igerilekurako ticket automatikoa ere eros dezakete makina berrian. Gainera, tornu sistema berria ezarri da, sarrerak eta irteerak azkartu eta erabiltzaileen esperientzia hobetzearren.
"Digitalizazioa ez da etorkizuna, oraina da. Musakolako kiroldegian ezarri ditugun sistema berriekin, erabiltzaileentzat traba batzuk ezabatuko ditugu eta esperientzia azkarrago, erosoago eta intuitiboago bat eskainiko dugu", adierazi du Mikel San Miguel kirol zinegotziak. "NIK txartel birtuala tresna estrategikoa da udal instalazioetan aurrerapauso teknologiko sendoak emateko."
NIK txartel birtualarekin sarrera, gaurtik aurrera
Aurrerantzean, Musakolako kiroldegiko erabiltzaileek NIK txartel digitala erabil dezakete sarreran. Eusko Jaurlaritzak sustatutako txartel digital honek herritarrei identifikazio eta autentifikazio digital segurua eskaintzen die. Telefono mugikorrean aktibatzen den bertsio birtualak sarbideak errazten ditu, plastikozko txartelik gabe.
NIK txartelak hainbat funtzionalitate bateratzen ditu: identifikazioa, sarrerak, edota erakunde publikoetatik premiazko abisuak eta jakinarazpenak jasotzeko aukera. Besteak beste, kiroldegiko, Osakidetzako edo liburutegiko txartelak aktibatu daitezke. APP hau mugikorrean deskargatu daiteke doan, iOS edo Android.
Eguneko ticketak erosteko makina automatiko berria
Bestalde, gaurtik aurrera martxan dago sarrera automatikoen makina berria, zeinak eguneko txartelak zuzenean eskuratzeko aukera ematen duen. Honi esker, ilara luzeak saihestuko dira eta erabiltzaileek denbora aurreztuko dute, sarrerako langileengana jo behar izan gabe. Sarrerak kiroldegiko webgunean erosteko aukera ere izango da.
"Erabiltzaile asko pilatu ohi dira sarreran eguneko sarrerak erosteko, eta, horrek, eragozpen handiak sortzen ditu langileengan, bazkideengan eta eguna pasatzera datorren herritarrarentzat. Horregatik, gure helburua da sarrera hori ahalik eta erosoena izatea, eta herritarrek zerbitzu ona jasotzea", nabarmendu du San Miguelek.
Tornu sistema berria, sartu-irteera azkar eta adimentsuak
Sistemaren osagarri gisa, tornu automatiko berriak jarri dira martxan. Sarrerako tornu berriek NIK txartelaren QR kodea, eguneko sarreren barra kodea, gertutasun txartela eta hatz marka irakurri ditzakete. Diseinu honek jende pilaketak murriztu eta erabiltzaileen zirkulazioa arinduko du.
NIK txartela irailean, Uarkapera; Bibliotekan ere erabilgarri dagoeneko
Digitalizazioaren jauzi hau ez da Musakolara mugatuko. Irailean, Uarkapeko kiroldegian ere ezarriko da NIK txartel digitalaren sistemaren erabilera. Abuztuko etenaldia baliatuko da sarrerako egokitzapen eta lanak egiteko.
Gainera, Arrasateko Bibliotekan ere erabilgarri dago jada NIK txartel birtuala, eta erabiltzaileek sarbide digital berriaz baliatu daitezke han ere.
NIK txartel digitalaren inguruko informazio guztia hemen