Dragoi Gimnasia Taldeak eta Arantzazu Zubiak jaso dituzte 2019ko kirol sariak

2019/06/07
Aipatu sarien helburua da kirol alorreko jarduerak bultzatu, sustatu edota emaitzetan nabarmendu diren herriko kirolarien zein kirol taldeen lana balioan jarri eta aitortzea

Kirola interes publikoko jarduera soziala izanik eta jakinik, gainera, urtetik urtera Arrasaten gero eta herritar gehiagok egiten dutela kirola, 2016an Kirol Sariak ekimena berreskuratu zuen Udalak, eta orduz geroztik urtero ekitaldi berezi bat antolatzen du, horren bitartez, kirol alorreko jarduerak bultzatu, sustatu edota emaitza nabarmenak jasotzen dituzten kirolari zein elkarteen lana balioan jarri eta aitortzeko. Joan den urteetan sarituak izan dira, esaterako: Eneko Carrascal, luzera jauzian Espainiako txapelduna izandakoa, Herrero-Azpiazu familia, urteetan zehar Arrasaten eskubaloia sustatzeagatik, Malen Ruiz de Azua pertika jauzilaria, Izar Bedia saskibaloi jokalaria, Patxi Gorosabel, Rugbya bultzatzeagatik edota Zaldibarko Futbito Txapelketa.

Horiek horrela, aurten ere, Kirol Sariak banatu ditu Udalak, udal pleno aretoan eginiko ekitaldian. Urtero legez, bi sari ezberdin eman dira: 2019ko kirolari onenaren saria batetik eta kirol ibilbidearen saria bestetik. Aipatu biak herritarren bozka bidez erabakiak izan dira eta aurtengoan ia 300 lagunek parte hartu dute hautagaien artean 2019ko kirolari onenaren zein kirol ibilbidearen saridunak aukeratzeko.

 

2019ko kirolari onenaren saria: Dragoi gimnasia taldea

Hautagai zerrenda luze batetik, aurtengoan Arrasateko Dragoi Gimnasia Taldea izan da herritarrek 2019ko kirolari onenaren saria jasotzeko bozkatu dutena.

Aipatu taldea 1999. urtean sortu zen eta gaur egun jada adin ezberdinetako 100 kirolari baino gehiago biltzen ditu. 2008-2009 ikasturtean, Elena Lanuzaren eskutik, kirol taldeak aerobic modalitatea gehitu zuen eta orduz geroztik,  urtetan zehar hainbat eta hainbat lorpen izan dituzte. Esate baterako,  urtero lortzen dute Espainiako txapelketarako txartela. Sari honen bitartez, beraz, Arrasatek zein arrasatearrek, urtetan egindako lanari aitortza egin diote.

Dragoi taldearekin batera, ondorengoan izan dira 2019ko hautagaiak: Aitor Fernandez, Istar Dapena, Jonathan Perez, Irene Murua, Malen Ruiz de Azua, Arrasate Arlut Xake Taldea eta Maialen Axpe.

 

Ibilbide onenaren saria: Arantzazu Zubia

Hain zuzen Dragoi Gimnasia Taldearen entrenatzaile eta sortzailea den Arantzazu Zubiak jaso du, herritarren bozkekin, ibilbide onenaren saria.

Arantzazu 1967ko uztailaren 25ean jaio zen Arrasaten eta betidanik gustatu izan zaio gimnasia erritmikoa, horregatik txikitatik hasi zen kirol hori praktikatzen. Entrenatzaile izan aurretik, 1980.urtean Euskadiko txapeldun izan zen eta hain zuzen gimnasta izateari utzi zionean, 18 urterekin, entrenatzaile lanetan hasi zen, orduan Gimka Gazela izena zuen elkartean. Elkarteak izena behin eta berriz aldatu zuen arren, berak entrenatzaile lanetan jarraitu zuen; Arrasate kirol elkartea, Arrasate gimnasia taldea, eta gaur egungo guztiok ezagutzen dugun Arrasateko Dragoi Gimnasia Kirol Taldea. Arantzazu bera izan da kirol elkarte honen fundatzailea. Entrenatzaile gisa hasi zenean, 10 lagun inguruk osatzen zuten taldea, baina, orduz geroztik, taldekide kopuruak nabarmen egin du gora, baita haien lorpen eta garaipenek ere. Guzti horregatik, beraz, herriak zein herritarrek Zubiaren lana balioan jarri eta goraipatu dute sariaren bitartez.

Arantzazu Zubiarekin batera, ondorengoan ziren ibilbide onenaren saria jasotzeko hautagaiak: Mariano Arrieta (hilondoko titulu bezala), Karmelo Bergaretxe, Arrasate Atletiko Taldea, Jon Basurko eta Maria Jose Gil.