Edadetuen aurkako lapurretak eta iruzurrak saihesteko informazio kanpaina jarri du abian Udalak

2016/02/23
Card image cap
Hitzaldiak Arrasateko udaltzain buruak emango ditu Etxaluzen, dinamikoak izango dira eta hainbat aholku emateaz gain, herritarren partaidetza da sustatu nahi dena, beren kezkak azaldu eta galderak egin ditzaten

Arrasateko udala, gaiarekin kezkatuta eta horiek saihestea helburu hartuta, ohikoak diren lapurreta eta iruzurren gaineko informazio kanpaina jarri du martxan.

Adinekoak kalean zein beren etxeetan izan daitezke erasotuak, horregatik ohikoenak diren lapurreta eta iruzurrak ekiditeko gomendioak emateaz gain, etxeko segurtasuna hobetzeko aholkuak ere emango zaizkie udalak antolatu dituen saio informatiboetan, adinekoak, kalean nahiz etxean seguruago senti daitezen.

Hitzaldiak, non eta noiz

Horretarako, bi saio informatibo antolatu ditu udalak otsailaren 23 eta 25ean, Etxaluzen arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara. Arrasateko  udaltzain buruak eskainiko ditu saioak eta berak emango ditu lapurretak saihesteko gomendioak eta segurtasuna bermatzeko aholkuak. Halaber, iruzur motarik ohikoenak ere zein diren azalduko ditu.

Saio dinamikoak izango dira eta bereziki, jendearen parte hartzea sustatu nahi da, herritarrek planteaturiko kezkak, zalantzak eta galderak erantzun ditzan udaltzainak.

Udaletik nabarmendu dute, saio informatibo hauek adineko pertsonei eta beren senideei zuzenduak daudela, edadetuen arazoa ez ezik, guztion arazoa delako eta guztion laguntza behar dutelako.

Aholku nagusiak

Erasotzaileek lapurreta egiteko aitzakia desberdinak erabiltzen dituzte, besteak beste,  arrazoi solidarioak direla-eta NAN eta dirua eskatzea, ezagunak balira bezala besarkada bat ematea, poltsa astunak edota horrelakoak eramaten laguntzea… horregatik, gomendio nagusia zuhurragoa izatea da. Era berean, bankutik ateratzean kontuz ibiltzea, diru gehiegi soinean ez eramatea eta posible denean, senideek dirua ateratzen laguntzea aholkatzen da.

Etxeko segurtasunari dagokionean, komeni da ate blindatuak izatea, etxetik irtetzean atea guztiz itxita uztea eta etxe barruan egotean ere, giltzaz edota segurtasuneko kisketaz ixtea eta batez ere,  atea ireki aurretik ondo begiratzea eta ezezagunei aterik ez irekitzea.