Arrasateko Udal Bibliotekak egitarau askotarikoa antolatu du Liburutegien Egunaren harira

2023/10/09
Card image cap
Liburutegien Egunaren harira, urrian hainbat jarduera egingo da: haurrentzako filosofia tailerra, STEAM tailerra familientzat eta giza bibliotekaren jarduera.

Datorren urriaren 24an Liburutegien Eguna izango da, eta, horren harira, Arrasateko Udal Bibliotekak egitarau askotarikoa antolatu du, adin guztiei zuzendutako ekintzekin eta jarduerekin.

Liburutegien Eguna 1997 urteaz geroztik ospatzen da, Espainiako Kultura Ministerioak bultzatuta. Izan ere, 1992ko urriaren 24an, Sarajevoko liburutegia erre zen, Balkanetako gerraren eraginez, eta eguna sortu zen suntsiketa hura gogora ekartzeko. 

«Komunitateak ehunduz» lelopean, aurten egingo den ospakizunak helburu du liburutegiek herrietan lotura sendoak eraikitzeko duten funtsezko zeregin hori balioan jartzea eta azpimarratzea, liburutegiak direlako, hain zuzen, pertsonen esperientziak eta ezagutzak elkartzen dituzten hariak.

Egitarauak haur, gazte zein helduentzako ekintzak biltzen ditu

Hori horrela, Arrasateko Udal Bibliotekak antolatutako ekintzen artean dago «Giza biblioteka», urriaren 24an bertan egingo dena, arratsaldean 18:00etan, Kulturaten. Ekintza horren bitartez, parte hartzaileek aukera izango dute zuzenean arrasatearren historien eta istorioen berri jakiteko.

Horrez gain, haurrentzako filosofia tailerra ere egingo da Kulturaten, lau astelehen arratsaldetan: urriaren 16an eta 30ean eta azaroaren 13an eta 27an, arratsaldean 17:00etan. Haietan, Jakinmin elkarteko kide batek, praktika filosofikoa erabiliz eta dinamika ludikoaren bitartez, proposatuko ditu jolas batzuk, pentsamendua suspertzeko, eta jarduera batzuk, sormena bultzatzeko.

Era berean, familientzat Steam tailerra ere antolatu du. Kasu horretan, ekintza egingo da Santa Marina auzoko bibliotekan, urriaren 20an, egubakoitza, arratsaldean 17:00etan, zuzenduta 10-14 urte bitarteko haurrei. Baina haurrek heldu batek lagunduta parte hartu beharko dute. Helburua da gazteak zientziara eta teknologiara hurbiltzea, senideek eta gazteek teknologiarekin esperientzia positiboa izan dezaten.

Urriaren 20an, halaber, Anonyme Popular izeneko kontzertua eskainiko da 20:00etan, Kulturaten, areto nagusian, Rafa Rueda musikariaren eta Igor Elortza idazle eta bertsolariaren eskutik.

Amaitzeko, azaroaren 2an, Poltsikorako Poemak poesia kontakizuna eskainiko da 18:00etan, Kulturaten, etxeko txikienei zuzenduta, Saroa Bikandi eta Amaia Egidazu idazle bizkaitarren eskutik. 4 urtetik aurrekoentzat da, eta gogoratu aurrez izena eman behar dela.