Eibarrek agur esango dio Atxabalperi 11 urteren ondoren, eta Udala erabilera berriak aztertzen ari da

2025/07/04
Card image cap
Argazkia: Goiena
Mondra eta Rugby taldeari zelaia erabiltzea eskaini zaie, baina ez dute beharrik ikusi. Ondorioz, erabilerarik gabe geratuko da denboraldi batez. Bestelako erabilerak aztertzen ari da Udala, eta, behin definitutakoan, horri egokitutako mantentze lanak egingo ditu.

Ekainean utzi zion entrenatzeari Eibarrek Atxabalpeko futbol zelaietan, eta, honenbestez, 11 urtetako ibilbideari amaiera eman diote. 2014 abenduan heldu zen lehen aldiz Eibar Atxabalpeko instalazioak erabiltzera, Udala eta futbol taldearen arteko akordio baten bitartez. Urtebete beranduago, 2015eko abenduan, entrenamenduetarako bigarren futbol zelaia inauguratu zuten.

Erabilera berriak lantzen

Arrasateko Udala dagoeneko lanean ari da Atxabalperi erabilera berriak emateko aukerak aztertzeko. Dagoeneko egin dira bi eskaintza Arrasateko bi kirol talderi: Arrasate Rugby taldeari eta Mondra futbol taldeari. Biak ala biek ezezko erantzuna eman dute, beraien jarduna Mojategin kokatuta dutelako. “Gaur gaurkoz erabilera zehatzik izango ez duen espazio batean mantenu lanak mantentzea garestia da, eta, erabilera berri bat aurkitu ezean, mantenu lanak bertan behera utziko dira” azaldu du Mikel San Miguel kiroletako zinegotziak.

Mantenu gastu handiak

Gaur egungo Atxabalpeko futbol zelaiaren instalazioen mantentze-lanek kostu ekonomiko handia dakarte, hala nola belar naturala egoera onean mantentzea, aldagelen eguneratzea, harmailak segurtasun-araudira egokitzea edota zaintza- eta segurtasun-sistemak martxan izatea. Hori guztia kontuan hartuta, eta baliabide ekonomikoak mugatuak direnez, erabilera zehatz bat aurkitu arte, ez da aurreikusten inbertsio berririk egitea instalazio hauetan.

Hainbat aurreikuspen egin dira mantentze lanen ingurukoa gastuak kalkulatzeko, eta horietako batzuk honako hauek dira:

  • Belarra mozteko makineria erostea: 28.000€
  • Belarra astean birritan moztea (Eibarrek egiten zuen): 34.000€
  • Uraren kontsumoa: 12.000€
  • Argindarraren kontsumoa (potentzia kontutan izan gabe): 12.000€

Aurreikuspen hauek aurrekontu orokorra dira, eta sakonago aztertu beharko litzateke. Horrek aurrekontua garestitu dezake. Horrez gain, aurrekontuetan ez daude Atxabalpeko instalazioen garbiketa edo bertako aseguruen aurrekontuak.