Ekainak 28, LGTBIQ+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna

2026/06/28
Card image cap
Arrasateko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztien artean adostutako adierazpen instituzionala

Ekainaren 28a ospakizunerako, memoriarako eta aldarrikapenerako eguna da. Arrasateko Udalak LGTBIQ+ kolektiboak egindako bidea aitortu nahi du. Gure herrian dagoen aniztasuna ikusgarri egin nahi dugu, mugimendu sozialen borrokari esker lortutako eskubideak aitortuz. 

Baina egun honek hausnarketarako tartea ere eskaini behar du. Oraindik ere asko dago egiteko, eta LGTBIQ+ pertsona guztiek ez dituzte bizi-baldintza, aitortza edo babes neurri berdinak.

Badira oraindik ikusgarritasun txikiagoa duten identitateak, gorputzak eta sexu-orientazioak. Hala nola, pertsona transak eta intersexualak, emakume lesbianak, pertsona bisexualak eta beste hainbat errealitatek, diskriminazioari eta ikusezintasunari aurre egin behar diote uneoro.

Horregatik, ezinbestekoa da begirada intersekzionala izatea. Diskriminazioak ez du modu bakarrean eragiten, eta sexu-orientazioa edota genero-identitatea beste errealitate batzuekin gurutzatzen dira: klasea, desgaitasuna, bakardadea, adina, arraza edo bestelako bazterketa egoerak.

Harrotasunaz hitz egitea eskubideez hitz egitea da. Pertsona guztiek beren burua askatasunez eta beldurrik gabe bizi ahal izateko eskubidea. Eta hori da hain zuzen Arrasaten aldarrikatzen  duguna, Arrasaten LGTBIQ+ pertsonek beraien bizi proiektua garatzeko herritik alde egin behar ez izatea, eta bizi baldintza seguru eta duinak udalerrian eskaintzea. 

Herriko espazio guztiak, publikoak zein komunitarioak, aniztasuna errespetatuko duten gune seguruak izan behar dira.

Azken urteetan, zenbait diskurtsok LGTBIQ+fobikok zalantzan jarri dituzte lortutako eskubideak, horregatik, erakundeon konpromisoa berrestea ezinbestekoa da. Aniztasuna ez baita mehatxu bat: guztiok osatzen dugun gure herriaren errealitatea eta aberastasuna baizik.

ARRASATEKO UDALAREN KONPROMISOAK

  • Arrasatek aurrera egin du sexu eta genero aniztasuna aitortu eta LGTBIQ+ pertsonen eskubideak bermatzeko bidean, eta, hori, herriko eragile askoren elkarlanari esker izan da. 
  • LGTBIQ+ pertsonentzat ere Arrasate herri bizigarria izatea nahi du Udalak, horregatik, duela bi urte abiatutako lanari jarraipena emateko konpromisoan berresten gara.  
  • LGTBIQ+ pertsonen errealitatea ezagutzeko eta herriko beharrak identifikatzeko diagnostiko eta hausnarketa prozesuak garatu dira. Horren emaitza da, bigarren urtez, BIZIGARRIAK GARA egitasmoa Morbor taldearekin elkarlanean burutu izana. 
  • Diagnostikotik eratorritako ekintza plana betetzen jarraitzeko konpromisoa hartzen Udalak datozen urteetan ere, eta herritarren eta kolektiboen ahotsak jasotzeko abiatutako dinamikei jarraipena ematea da Udalaren nahia, berau lan ildo iraunkorra bilakatuz. 
  • Ekainaren 28aren eta bestelako data esanguratsu batzuen inguruan sentsibilizazio eta ikusgarritasun ekimenak antolatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du Udalak, horretarako, Morbor sexu askapen taldearekin zein bestelako eragileekin elkarlanerako borondate eta prestutasun osoa adieraziz. 

Arrasateko Udalak bere konpromisoa berresten du aurrerantzean ere LGTBIQ+ pertsona guztien eskubideak defendatzen jarraitzeko, bereziki zaurgarritasun edo ikusezintasun egoeran dauden pertsonak eta kolektiboak aintzat hartuta.

Gizarte irekiago, justuago eta anitzago bat eraikitzea guztion ardura da.

Horregatik, herritar guztiak deitu nahi ditugu ekainaren 28an MORBOR taldeak 12:30ean herriko plazan deitu duen kontzentrazioan parte hartzera, “Herri bizigarrien alde, gen eroak irauli” lelopean. 

Arrasaten, 2026ko ekainaren 28an