Arrasaten udako igerilekuak ekainaren 14an zabalduko dira

2021/06/08
Aurten, iaz baino aforo handiagoa izango da, edukieraren % 50ekoa, 750 pertsona txanda bakoitzean. Berrikuntzen artean, aurten aukera egongo da eguneko sarrera eskuratzeko, eta txandak luzeagoak izango dira.

Astebete barru ekingo dio Arrasatek udako denboraldiari, eta ekainaren 14an igerileku estali gabeak zabalduko dira. Hainbat berrikuntza izango da, tartean aforo gehiago, aukera egongo da eguneko sarrera eskuratzeko eta ur parke berri bat izango da.

Ander Garay Kirolen zinegotziak xehetasunak eskaini ditu prentsa agerraldian: “guztia prest dugu arrasatearrek igerilekuez eta ur parkeez gozatu dezaten. Eremuak segurtasun neurri guztiak betetzen ditu, eta aukera eskaintzen du lasaitasunez udaz gozatzeko. Igerilekuak prest, berdegunea atonduta, segurtasun neurri guztiak egiaztatuta eta presta gaude zerbitzuak abian jartzeko" nabarmendu du.

2021eko uda, ezbairik gabe, Covid-19aren pandemiak markatuko du berriz ere, baina iaz baino neurri arinagoekin. Hala, Osasun agintariek ezarritako neurriei jarraituz, igerilekuko aforoa % 50ekoa izango da, iazko % 30aren aldean. Hau da, 750 pertsona goizeko txandan, eta beste 750 pertsona arratsaldekoan. Txanda erreserbatu egin beharko da, joan den urtean bezala, bai kirolaonline.arrasate.eus web orrialdearen bitartez edo 943 25 20 30 telefonora deituz. Baina aurten, iaz ez bezala, aukera egongo da txandak irauten duen bitartean, lekurik izanez gero, erreserba egiteko eta igerilekura sartzeko.

Joan den urtearekin alderatuta, aurtengo txandak luzeagoak izango dira:

  • Goizean: 10:00-14:30.
  • Arratsaldean, 15:00-20:30.

Horrez gain, 2020an, aforo txikia zela eta, ez zen saldu eguneko sarrerarik, baina aurten udalak erabaki du saltzea, betiere momentuan aforoa ez bada betetzen, lehentasuna bazkideek izango dute eta.

Bazkidetza aukera zabala

2019an eta aurrekoetan bezala, aurten aukera egongo da udako abonamendua ateratzeko: 3 hilekoa izango da, tarifa hauekin:

  • 18 urtetik beherako erroldatuak: 41,70 €
  • 18 urtetik beherako ez erroldatuak: 50,10 €
  • 18 urtetik gorako erroldatuak: 70,10 €
  • 18 urtetik gorako ez erroldatuak: 84,20 €
  • familia abonamendua, erroldatuak: 112 €
  • familia abonamendua, ez erroldatuak: 134,40 €

 

Ur parke berria Villa Amparon

Kanpoko igerilekuaz gain, aurten ere ur txorroen parkeak egongo dira zerbitzu moduan. Iaz inauguratu zen Santa Barbarakoa, eta arrakastatsua izan zenez, aurten bigarren ur parke bat inauguratuko da, Villa Amparokoa. Etxaluze-Maala Ekobulebarraren eraberritzearen baitan eraiki da.

Santa Barbarako ur parkeak 21 joko ditu, adin guztietakoek erabili ahal izateko. Inguruan eserleku ugari, eta mahai eta aulkiak daude bertan egon ahal izateko. Iaz egunero 100 pertsonatik gora ibili zen parkean.

Villa Amparoko parkea Santa Barbarakoa baino handiagoa izango da. Ur-txorro gune bi izango ditu: alde batetik, bide gorritik gertuen dagoen gunean 18 jolas, 4 urtetik gorakoentzat. Eta bestetik, Etxetxikietatik gertu dagoen gunea haur txikientzat izango da, bi zirkuiturekin.

Parke biak uztailaren 1ean zabalduko dira, eta 10:00etatik 20:00ak arte egongo dira erabilgarri.

Iaz, batez beste, egunean 600 pertsona inguruk erabili zuten igerilekua

2019an, Covid-19aren pandemia gabeko azken udan, igerilekuak 1.500 pertsonako aforoa zuen. Uztaileko egun gehienetan 800-850 pertsona joaten ziren, erreserbarik egin barik, eta egun jendetsuenetan, 3-4 egun, 1.200 pertsona pasatu ziren egun bakarrean. 

2020ko udan, COVID-19agatik, % 30eko aforoarekin zabaldu zen igerilekua uztail hasieran, hau da, 500 pertsonako aforoarekin. Udalak txanda bi jarri zituen, goizean eta arratsaldean, bakoitza 500 pertsonakoa. Uztailean arratsaldean egun gehienetan 500 pertsona egoten ziren, eta goizeko txandetan 150-200 inguru. Abuztuan, berriz, goizean 100 pertsona inguru, eta arratsaldean 300-350.