Ekainaren 20an irekiko dituzte ur parkeak eta Musakolako kanpoko igerilekuak

2025/06/11
Card image cap
Ekainaren 20tik irailaren 14ra egongo dira erabilgarri. Ekainetik irailera bitartean ur parkeetako kalitatea zaintzeko mantenu eta garbiketa lanek 26.077,70 euroko kostua izango dute. Ur parkeen ur kontsumoari dagokionez 2024an 1863 m3 ur kontsumitu ziren, eta 2023an 2.919 m3, “Musakolako igerileku ertaina 11 aldiz betetzeko ur kantitatea edota kanpoko igerileku olinpikoa osorik betetzeko ur kantitatea”.

Irekitzear dira Arrasateko ur parke eta kanpoko igerilekuak, eta Udala azken prestaketa lanetan ari da “osasun eta kalitate kontrol guztiak bermatu daitezen”. Dena ondo bidean, ekainaren 20an irekiko dituzte kanpoko igerileku eta ur parkeak, eta irailaren 14ra arte egongo dira erabilgarri, “kirol egutegian jasota eta jakinarazi bezala” azaldu dute. Izan ere, ur-parkeen eta igerilekuen irekiera- eta itxiera-datak abenduan finkatzen dira; egutegian jasotzen dira, eta 2 hilabete inguru irauten duten irekierarako prestakuntza-lanak programatzen dira.

Ur parkeen mantenua uraren kalitatea bermatzeko

Ur parkeen ur kalitatea bermatzeko nahitaezko analisi eta mantenu lanak beharrezkoak dira, eta horiek burutzeko lanetarako 26.077,70 euroko gastua egingo du Udalak. Garbiketa lanak egiteaz gain, uraren kalitatea neurtuko dute egunero langileek, haurrentzat segurua dela bermatuz. Kalitate kontrol hauek igerilekuko kontrol irizpide berdinak izan ohi dira.

Ur kontsumo handia

Ur parkeek sistema zentralizatua badute ere (ura berrerabiltzeko sistema), ur kontsumoa “etengabekoa” da, eta azken bi urteetako datuak eman ditu ezagutzera Udalak: 2024an 1863 m3 ur kontsumitu ziren, eta 2023an 2.919 m3 ur. Ur kontsumo hori Musakolako kanpoko igerilekuekin konparatuz, “igerileku ertaina 11 aldiz betetzeko ur kantitatea edota kanpoko igerileku olinpikoa osorik betetzeko ur kantitatea kontsumitzen da ur parkeekin” azaldu dute Udaletik.

Horregatik, ur parkeen irekiera udako hiru hilabeteetara mugatzea, arduraz hartutako erabaki bat dela seinalatu dute Udaletik, izan ere, “goizegi irekitzeak mantenu gastuak eta ur kontsumo handiagoak eragiten ditu, 2023an gertatu bezala. Gainera, ur parkeak martxan jartzea prozesu konplikatua da ur kalitatea bermatzeko, eta, behin irekita, ezin dira itxi eguraldi txarra eginda ere. Izan ere, behin itxita, ur kalitatearen kontrol prozesua berriz ere hasieratik hasi beharra dago, eta horrek, ur parkeen itxiera luzeak eta mantenu gastuen garestitzeak ekarriko lituzke”.

Ur parkeen zaintza, guztion ardura

Azkenik, Udalak “ur parkeak zaindu eta arduraz jokatzeko” deia ireki du. “Ur parkeetako ur kalitate kontrola egingo bada ere, ur parkeak garbi mantentzea guztion ardura da”. Zentzu horretan, azaldu dute Udaletik, zikinkeria pilatzeak bakterio berriak agertzea ekar dezakeela, eta horrek, ur parkeak denbora batez ixtea ekar dezakeela azaldu dute. “Pasa den urtean astebetez itxi behar izan zen ur parkea bakterioak agertu zirelako. Erabilera egokia egiten badugu, itxiera horiek ekiditeko aukera gehiago izango ditugu” azaldu dute Udaleko arduradunek.

Urparkeak.jpg