Ekobulebarreko obrari 2021eko urtarrilean ekingo zaio eta 16 hilabeteko iraupena izango dute

2020/09/25
Construcciones Moyua S.L. enpresak irabazi zuen lana burutzeko Udalak egindako lehiaketa publikoa eta aurrekontua 1.729.079,97 eurokoa da, BEZ gabe.

Arrasateko Udalak udalerriko hirigintza proiektuekin aurrera darrai. Covid-19ak gogor eragin du gizartean, eta Udalak berak ere lehentasunak aldatu behar izan ditu unean-unean, herritarren babesean eta ongizatean jarriz fokoa, inoiz baino gehiago. Hala ere, Arrasatek aurrera darrai eta etorkizunari heldu behar dio: herritarren ongizatea bermatuz, garapen ekonomikoa bultzatuz, beharrezko azpiegiturak eskainiz eta gure identitatea eta ingurunea zainduz. Baita hain premiazkoa den eraldaketa ekologikoari jarraipena emanez ere: Udalaren asmoa da iraunkortasunaren ikuspegia, toki garapena eta hiri-erakargarritasuna uztartzen dituen bidetik aurrera egiten jarraitzea. Hori premisa, Arrasateko Udalak mahai gainean zituen proiektuen lanketarekin jarraitzen du, beste hainbaten artean, Ekobulebarra edota Galizia kaleko igogailu publikoarekin.

Hain zuzen, Construcciones Moyua S.L. enpresa izan da Ekobulebarraren obra gauzatzeko lehiaketa publikoaren irabazlea. 6 enpresa aurkeztu ziren lehiaketara. Lan hauetarako aurrekontua 1.729.079,97 eurokoa da, BEZ gabe. Gauzatzeko epea 16 hilabetekoa da. Lanak 2021eko urtarrilean hastea dago aurreikusia.

Maitzaren 1 plaza eta Maalako biribilgunea lotuko dituen bidegorriak jarraipena izango du. Garibaiko BUS geltokiari itxura berri bat emango zaio, motorrentzako eta bizikletentzako aparkalekuak eta TAXIen geralekua ere berregokituz. Horrez gain, Biterri eta Maalako biribilgune arteko zatia oinezkoentzat eta bidegorriarentzat bakarrik utziko da (ibilgailuek jada ezingo dute hortik igaro).

Grupo San Juan-eko eskuhartzeari dagokionez bizilagunen azken erabakiaren zai, proiektuak aurreikusten du Alfontso X plaza oinezko gune bihurtzea, Sebero-Portaloia­-Biteri oinezko gune zabalarekin bat eginez. Grupo San Juan aldera ematen duen erreka bazterra oinezko bihurtuko da ere, ibai ertzeko egon-gune bat sortuz. Alfontso X plazan dagoen Biteriren estatua bere izena daraman kaleko berdegunera lekualdatuko da.

Ur parke berri bat eraikiko da, Santa Barbarako parkeari jarraiki, Villa Amparo eraikinaren inguruetan, ibaiaren alboan. Bi gune izango ditu: bat haurrei zuzendua, ur zirkuitu batekin, eta bigarrena gaztetxoentza, 18 ur jolas baino gehiagorekin.

 

Galizia kalean igogailu publikoa ezartzeko proiektuaren idazketa, abian

Erguineko mugikortasun bertikaleko ekimen integralaren ostean, Santa Teresa-Galizia kaleetako irisgarritasuna hobetuko duen igogailu sistema ezarri nahi du Udalak. Proiektuaren idazketa atera zuen lehiaketara ekaina amaieran, eta jada lizitatu da lana: aurkeztutako 4 enpresen artean, Asmatu S.L.-k gauzatuko du lana. 27.600,00 euroko aurrekontua du, BEZ gabe, eta 2021eko uztailerako proiektua idatzita egongo da. Udalak asmo du 2021eko uztailean bertan obrak lizitazio-lehiaketara ateratzea.

Udalak adierazi duenez, “proiektu honek genero ikuspegia barneratuko du segurtasuna oinarri eta Santa Teresako bizilagunen mugikortasunean eragin zuzena izango du hobera, oinezkoen mugimenduak sustatuz eta autoen erabilera gutxiaraziz.