Ekosistemen inguruko ondorio eta proposamen anitzak aurkeztu zituzten herriko ikasleek atzoko osoko bilkuran
2025/06/04
Aurten, Garapen Jasangarrirako 15. Helburua jorratu dute; lehorreko ekosistemetako bizitzari dagokiona, zeinak bilatzen duen lehorreko bizitza babestea, lehengoratzea eta modu jasangarrian erabili dadila sustatzea.
Ikasleek azaldu zituzten gai hori lantzeko herrian egin dituzten ekintzen adibideak, lan horren ostean jasotako diagnostikoaren emaitzak eta arazo horiei konponbidea emateko Udalak egin ditzakeen ekintzen proposamenak hiru ataletan banatuta: basoak, berdeguneak eta kaleak. Gainera, ikasleak konpromiso batzuk hartzeko prest agertu ziren gure ekosistemen egoera hobetzeko.
Ikasleak herri jasangarri eta atsegin baten alde daudela gogorarazi digute eta horretan laguntzeko prest daudela adierazi. Ingurua zaintzen duen udalerri berdeago eta osasuntsua sortzeko lanean jarraituko dutela eta beraien ekarpenak kontuan hartzea eskatu die Udalbatzako kideei.
Hauek eskerrak eman dizkie egindako lanagatik eta norabide horretan lan egiteko prestutasunarekin bat egin dute.