Emakume Txokoak ekimen bat abiarazi du Arrasateko emakumeen ahotsak entzuteko, Covid-19a dela-eta bizi izandako esperientziak jasotzeko
Arrasateko Udaleko Emakume Txokoak emakumeen ikuspegia jaso nahi du koronabirusaren krisia zelan bizi izan duten jakiteko eta ikusarazteko. Asmoa da adin eta profil guztietako emakumeen bizipenak, hausnarketak, emozioak, beharrak eta aldarrikapenak jasotzea, krisi egoera ikuspegi feminista batetik lantzeko. Emakume Txokoak adierazi duenez, “emakumeok errelato ofizialetatik kanpo gelditzen gara behin eta berriro; horregatik, Covid 19ak eragindako konfinamenduan eta krisi egoeran, Arrasateko emakumeok bizi izandako esperientzien kontakizunak jaso gura ditugu”.
Zelan parte hartu?
15 egun dituzu mezu bat bidaltzeko, esaldi bat, gutun bat, audio bat, olerki bat, ipuin bat, bideo bat, argazkiak, irudiak edo espresiorako beste edozein euskarri erabiliz.
- Email bidez: emakumetxokoa@arrasate.eus / berdintasuna@arrasate.eus
- Telefonoz: 943 79 41 39
- Whatsapp bidez: 618 206 233
Ekarpenak anonimoak izan daitezke, edo izen-abizenez sinatutakoak, eta egin daitezke bakarka zein taldean. Hamabost egunen ostean, egindako ekarpenez, Emakumeen Txokoak kontakizun bat egingo du eta aurretik emango die azken produktuaren berri parte hartzaileei.
Krisi egoera ikuspegi feminista batetik lantzeko eta emakumeen ekarpena sortzeko, Emakumeen Txokoak hainbat galdera planteatzen du: zer azaleratu edo areagotu du krisiak emakumeok jendarte honetan bizi dugun egoeran?; zer bizipen izan dituzte emakumeek? Zer kezka, ondoez, aukera, egoera zehatz bizi dituzte? Zelan eragin dute haien ongizatean?; zer gabezia azaleratu ditu krisiak zerbitzu publikoetan?
Bestalde, Emakume Txokoak gogorarazi du “aukera dutela zaintza lanak, telelana, langabezia, indarkeria egoerak, sareak, komunitatea, arrazakeria eta abarren inguruan hausnarketak partekatzeko".
Informazio gehiagorako, mezu bat bidaltzeko, deitu aipatu euskarrietara edo bidali mezua.
Albiste erlazionatuak
Emakume txokoa
- Emakume Txokoak baliabide ugari prestatu du San Juanak indarkeria sexistarik gabeko gune izateko 2022/06/17
- Miren Agur Meabe idazlea maiatzaren 12an Emakume Txokoaren ‘Emakumeak protagonista’ elkarrizketa saioan 2022/05/05
- Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak argiztatzeko ‘Lumineszenteak’ erakusketa antolatu du Udalak apirilaren 28tik maiatzaren 13ra Kulturaten 2022/04/21
- Emakume Artisau eta Ekoizleen Azoka larunbatean, martxoak 26, Seber Altube Plazan 2022/03/23
Gazte Bulegoa
- Herriko udalekuak 2022/05/16
- Sorosleen lan poltsa osagarria sortuko du Udalak 2022/05/12
- Arrasateko Udalak eta herriko hainbat eragilek hilabeteko egitaraua antolatu dute, aniztasunarekiko errespetuan, tolerantzian eta aukera berdintasunean sakontzeko 2022/05/11
- Maiatzean eta ekainean bisita historiko eta mendi ibilbide ugari aukeran Arrasate ezagutzeko 2022/05/11