Emakume Txokoak LGTBIQ+ pertsonentzako elkargunea sortzeko prozesua abiatuko du

2026/10/20
Arrasateko LGTBIQ+ errealitatearen diagnostikoan eta herritarren bizipenetan jasotako beharrei erantzuteko asmoz sortuko da elkargunea. Urriaren 21ean, 18:30ean, egingo den saioan parte hartzeko gonbidapena luzatzen du Emakume Txokoak.
Emakume Txokoak LGTBIQ+ pertsonentzako elkargunea sortzeko prozesua abiatuko du

Emakume Txokoak LGTBIQ+ pertsonentzako elkargune bat sortzeko prozesua jarriko du martxan ikasturte honetan. Ekimenaren helburua da komunitateko pertsonak elkartzeko, bizipenak eta kezkak partekatzeko eta espazio seguru bat eraikitzeko aukera eskaintzea.

Proiektu hau Arrasateko LGTBIQ+ errealitatearen diagnostikoan jasotako beharretatik abiatzen da. Diagnostikoa 2024/2025 ikasturtean egin, eta 2025eko ekainean aurkeztu zen. Prozesu horretan, herritarren eta eragileen bizipenak, beharrak eta kezkak jaso ziren, baita datozen urteetarako hainbat ekintza proposatu ere.

Iazko ikasturtean, Emakume Txokoak LGTBIQ+ politikak eta neurriak lantzen jarraitu zuen, eta 2026ko maiatzean eta ekainean, “Ikusgarriak gara” lelopean, hainbat ekimen antolatu zituen. Horien artean, LGTBIQ+ komunitateko herritarren ahotsa jasotzeko mahaingurua. 

Diagnostikoan zein ondorengo saioetan agerian geratu da LGTBIQ+ pertsonentzako elkargune baten beharra. Espazio horrek elkar ezagutzeko, esperientziak eta nahiak partekatzeko eta komunitate-sarea indartzeko balioko du, baita segurtasunez eta askatasunez elkartzeko aukera emateko ere.

Lehen urratsa asteazken honetan emango da, urriaren 21ean, arratsaldeko 18:30ean Emakume Txokoan. Bertara hurbiltzeko gonbidapena luzatzen du Emakume Txokoak,  elkargunea komunitatearen behar eta nahietatik abiatuta eraikitzeko.