Emakume Txokoak maitasunaren inguruan hausnartzeko gonbita egingo du Maitasuna ez da nahikoa emanaldiarekin

2026/10/22
Emakume Txokoak Maitasuna ez da nahikoa ikuskizuna eskainiko du urriaren 29an, Arrasateko Musika Eskolako auditorioan. Amorantek, Mari Luz Estebanek eta Itziar Garalucek maitasunaren inguruko gogoeta poetiko eta musikatu bat dakarte.
Emakume Txokoak maitasunaren inguruan hausnartzeko gonbita egingo du Maitasuna ez da nahikoa emanaldiarekin

Emakume Txokoaren urriko agendaren baitan, urriaren 29an, osteguna, Maitasuna ez da nahikoa emanaldia izango da Arrasateko Musika Eskolako (JAME) auditorioan, 18:30ean.

Amorantek, Mari Luz Estebanek eta Itziar Garalucek sortutako ikuskizunak maitasunaren inguruko gogoeta proposatzen du, ikuspegi askotarikoetatik. Ez du maitasun idealizatu edo edulkoratu bat aurkezten; aitzitik, pertsonen arteko harremanak, zaintza, aurreiritziak eta benetako maitasunaren gabeziak jartzen ditu erdigunean. Horrez gain, maitasun hitzaren erabileraz eta denborarekin haren esanahia nola higatu den ere hausnartzen du.

Aurtengo Loraldia jaialdian estreinatu zuten sormen-lana maitasun idealaren gainbehera ospatzen duen manifestu poetiko musikatu gisa aurkezten da. Hitzak eta musika uztartzen dituen proposamen eszenikoan, ahotsa, soinua, argia eta irudia elkartzen dira, ohiko formatutik aldentzen den esperientzia artistikoa sortzeko.

Hiru sortzailek osatzen dute taula gaineko proposamena: Mari Luz Esteban idazleak sortu ditu testuak, Amorantek ondu du musika, eta Itziar Garalucek hartu du argien eta irudien ardura.

  • Eguna: urriaren 29a, osteguna
  • Ordua: 18:30
  • Lekua: Arrasateko Musika Eskolako (JAME) auditorioa