Emakume Txokoak udazkeneko egitarau berria aurkeztu du, Irakurketa Feministen Gunearen 10. urteurreneko ekintzak balioan jarriz
2026/09/15
Emakume Txokoak urritik abendura bitarteko egitarau berria aurkeztu du, herrian berdintasuna, emakumeen ahalduntzea zein sexu eta genero aniztasuna sustatzeko helburuarekin.
Udazkeneko plangintza honen baitan kokatzen da Jabetze Eskolaren eskaintza zabala, eta bertako ikastaro nahiz tailerretan izena emateko epea irailaren 21ean irekiko da.
Egunotan etxeetara iritsiko den liburuxkan jaso ahal izango dira proposamen guztien xehetasunak. Ikusi hemen liburuxka digitala.
Jabetze Eskolaren baitan, 9 ikastaro nagusi antolatu dira hiruhilekorako, astean behin biltzeko maiztasunarekin emakumeen osasuna, ongizatea eta autonomia indartzeko tresnak eskaintzeko xedez. Artea, kultura eta aisialdia ere landu ahal izango dira ikastaro berrietan, Horrekin batera, ikastaro laburragoak edo-eta tailerrak ere eskainiko dira, besteak beste, indarkeria matxistari aurre egiteko tresnak lantzeko.
Bestalde, Emakume Txokoak ohiko zerbitzuei eutsiko die; arreta, informazio eta orientazio orokorraz gain, Aholkularitza Juridikoa ikuspegi feministatik eskaintzen jarraituko du hilean behin, aldez aurretik izena emanda.
Irakurketa Feministen Taldeen Topaketa: 10 urteko ibilbidearen ospakizun nagusia
Udazkeneko egitarauaren barruan, ikusgarritasun eta garrantzi berezia izango du Emakume Txokoko Irakurketa feministen guneak, aurten 10 urteko ibilbidea betetzen baitu. Hilean behin ostegunetan elkartzeko aukera eskaintzen duen gune honetan, emakumeek eta disidenteek idatzitako liburuen inguruko solasaldiak proposatzen dira.
Urteurren borobil hau dela eta, hainbat ekimen berezi antolatu dira:
- Erakusketa: Urritik azarora bitartean, Irakurketa feministen gunearen 10 urteko ibilbidea biltzen duen erakusketa bat bisitatu ahal izango da Emakume Txokoan.
- Topaketa nagusia: Udazkeneko ekimen nagusia azaroaren 14an izango da: Irakurketa Feministen Taldeen Topaketa ospatuko da Kulturaten (Arrasate), "Ahotsak batu, begiradak eraldatu"
Topaketa hau Emakume Txokoak eta bertako Irakurketa Feministen guneak elkarlanean antolatu dute, ahalduntze kolektiboa eta eragileen zein taldeen arteko saretzea bultzatzeko helburuarekin. Topaketan, hainbat herrietako irakurketa feministen taldeak gonbidatu dira parte hartzera, aldi berean egongo diren liburuen solasaldietan.
Topaketaren egitarau osoa, liburuen zerrendekin, eguneko plangintzarekin eta izena emateko bide eta epeekin Emakume Txokoaren web orrian topatu ahal da.
Izena emateko epea urriaren 4ra bitartean izango da zabalik.
Ateak zabalik eta informazio praktikoa
Emakume Txokoak gogorarazi nahi du espazio hau gune irekia dela, proposamenak jasotzeko zein beste eragile batzuekin elkarlanean aritzeko ateak zabalik dituela. Beraz, herritar guztiak gonbidatu nahi ditu udazkeneko ekimenetan parte hartzera eta hausnarketa zein sentsibilizazio feministako gune hauetaz gozatzera.
Informazio gehiago jasotzeko edo harremanetan jartzeko: emakumetxokoa@arrasate.eus edo 618206233 telefonoan.