Emakume Txokoan ateak ireki ditugu abuztuko atsedenaren ondoren. Ohiko zerbitzuak martxan ditugu eta udazkeneko plangintza berria ere prest dugu jada.

2023/09/13
Card image cap
20 urte betetzen dira aurten Emakume Txokoak bere ibilbidea hasi zuenetik; ilusioz ekin genion bideari 2003an, eta ilusio horrekin jarraitzen dugu lanean, bide lagun ditugun eta izan ditugun emakume* eta eragile feminista guztien parte hartzearekin.

Emakume Txokoak gune bat eskaintzen jarraitu nahi du politika feministak egiteko, sareak sortzeko, eta emakumeon* ahalduntze pertsonal eta kolektiboa sustatzeko.

Aurtengoa, urte berezia izango da ospakizunerako eta hausnarketarako; hori dela eta, jardunaldi feminista bat prestatzen ari gara, egindako bideari erreparatuz, Emakumeen* Etxeen erronkak identifikatzeko eta aurrera begira jartzeko.

Adi hortaz! Gorde urriaren 27 eta 28ko datak zuen agendetan eta laster izango duzue jardunaldiaren egitarauaren berri.

Ospakizunekin hasteko eta udazkeneko plangintza orokorrari hasiera emateko, lehen hitzordua irailaren 28an, eguenean,  izango dugu, Emakume Txokoan bertan.

Irekiera ekitaldian “Nik sinisten dizut” irakurraldi feministaren 2. edizioaren bideoa proiektatuko da. Irakurraldian parte hartu zuten guztiak eta joan ezinda gelditu zirenak ere gonbidatu gura ditugu, irakurraldiak emandakoaz gozatzeko.

Horren ostean, aukera paregabea izango dugu  Yaima Orozco kantautore kubatarraren kontzertua entzuteko. Yaima Orozco da bere belaunaldiko kantari kubatar garrantzitsuenetako bat, eta  aurreko tradizio trobadoretik edaten du. La Trovuntivitis kantautoreen taldeko kidea da. Euskal Herrian eta beste herrialde batzuetan ematen ari den kontzertuen artean tarte bat egin digu Emakume Txokoan abesteko, eta seguru kontzertu ederra eskainiko digula.

Ekimen horri beste hainbatek emango diote jarraipena abendura bitartean. Bakarrizketak, bertso saioak, erakusketak, … Emanaldi eta gune horiek ere aukera emango digute hausnarketa feministetan sakontzen jarraitzeko.

Amaitzeko, Emakume Txokoan, formazioa eta topagunea eskaintzen dituen Jabetze Eskolaren plangintza berrian hainbat ikastaro, tailer eta gune jarriko dira martxan urria hastearekin. Horietan parte hartzeko, izena emateko aukera irailaren 18an zabalduko da.

Hainbat gai eta lan ildo izango dira eskolan hiruhileko honetan ere: berba egingo dugu botereaz, pribilegioez eta zapalkuntzez; emakumeon* autonomia eta parte hartze soziopolitikoa sustatzeko bitartekoak eskuratuko ditugu; osasunari, zaintzari, sormenari, kulturari… lotutako hainbat gai landuko ditugu gure bizitzetako eta inguruneko esparru ezberdinetan eragiteko, ikuspegi feministatik; finean, hausnarketa feministetan sakondu, eta ahalduntze pertsonala eta kolektiboa landuko ditugu, eskolak eskaintzen duen konfiantzazko gune honetan.

Izena emateko argibideak eta egitarau osoa jasotzen duen liburuxka etxeetara iritsiko da irailaren 12tik aurrera, eta Emakume Txokoko eta Arrasateko Udaleko ohiko kanalen bitartez ere jaso ahal izango da informazioa.