Emakume zientzialariak erakusleihoetan: bi asteko kanpaina, ginkana eta sariak Arrasateko 12 saltokitan

2026/02/02
Card image cap
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko eguna ospatzeko, Arrasateko Udalak bat egin du Elhuyarren “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenarekin. Otsailaren 2tik 15era, herriko 12 saltokik emakume zientzialari baten omenez apainduko dituzte euren erakusleihoak. QR bidezko ginkana bat ere izango da, eta galderak erantzuten dutenen artean, 30 euroko 10 bono zozkatuko dira. Guztira Euskal Herriko 400 saltoki inguruk eman dute izena aurtengo ekimenean.

Arrasateko Udalak eta Elhuyarrek “Otsailaren 11 erakusleihoak” egitasmoa jarri dute martxan herriko 12 dendatan. Ekimena otsailaren 2tik 15ra egingo da, emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egiten duten lana ezagutarazteko. Horrela, otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin bat egingo du herriak. Nazio Batuen Batzar Nagusiak,  emakume eta nesken bokazioa zientzian sustatzeko eta haiei protagonismoa emateko egun hori aukeratu zuen 2016an.

Saltoki bakoitzari esleituko zaio emakume bat, eta dendariek bihurtuko dira zientzialari horren dibulgatzaile. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendetan, eta haien ikerketan inspiratuko dira beraien ikusleihoak apainduko dituzte zientzialarien ekarpenak erakusteko.

Horrez gain, herritarrek, haur zein heldu, ginkana batean parte hartzeko aukera izango dute. Horretarako, mugikorrean Actionbound aplikazioa instalatu eta, dendaz denda, 12 emakumeren kartelak bilatu eta bertako QRak eskaneatu beharko dituzte. Emakumeen kartel bakoitzeko QR kodea eskaneatuta, emakume horren inguruko galdera bati erantzun beharko diote, horrela, saltokiz saltoki, 12 emakumeren QR kodeak bilatu eta galderak guztiak erantzun arte. Ginkana osatzen dutenen artean, 30 euroko 10 bono zozkatuko dira.

Elhuyarrek proiektu hau sortu zuen duela bost urte Bizilaberekin, hau da, gazteentzako jarduera zientifikoak eta teknologikoak egiteko aisialdi-jardueren eskaintzaren barruan. Aurten, Euskal Herri osoko 16 herrik ospatuko dute otsailaren 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna, Elhuyarrekin batera:  Altsasu, Aretxabaleta, Arrasate, Barakaldo, Baztan, Bilbao, Burlada, Durango, Elgoibar, Erandio, Galdakao, Legazpi, Llodio, Mutilva, Pamplona eta Urduliz

STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatzen, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie, uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.

Emakume omenduen horma-irudiak eta istorioak eskuragai daude Bizilaberen Otsailak 11 webgunean.

Arrasate herriko saltoki parte-hartzaileak:

  • Udaletxea
  • BAZ
  • Zubia oinetakoak
  • Bibai inmobiliaria
  • Laztana
  • Eguzkilore ikuztegia
  • Sikol Lentzeria
  • Portaloi optika
  • Josle
  • Elena Moda
  • Kapikua
  • Kids&Us Arrasate

12 emakumezko zientzialari omenduak

Aurtengo edizioan, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenean, omenaldia jaso duten emakumezko zientzialariak honako hauek dira:

  • Amaia Ortiz Barredo (Gaubea, Araba, 1965) Fitopalogoa
  • Ola Arafat (Gaza, Palestina, 1977). Aktibista eta botikaria
  • Mari Luz Guenaga Gómez (Eibar, Gipuzkoa, 1975). Igneniera informatikoa
  • Lourdes Herrasti Erlogorri (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1958). Antropologoa eta historiagilea
  • Olatz Ortega Vidales (Bilbao, Bizkaia, 1997). Ekotoxikologoa
  • Jane Goodall (Londres , Erresuma Batua, 1934-2025). Primatologoa
  • Rebecca Lee Crumpler (Christiana, AEB, 1831-1895). Medikua
  • Marie Anne Gillain Boivin (Versailles, Frantzia, 1773-1841) Emagina eta asmatzailea
  • Elisabeth Rasekoalai (Lagos, Nigeria, 1960) Ingeniera kimikoa
  • Yásnaya Aguilar Gil (Ayutla Mixe, Mexiko, 1981). Hizkuntzalaria
  • Ruby Payne-Scott (Grafton, Australia 1912-1981) Fisikaria
  • Hong Wang (Guilin, Txina, 1997). Matematikaria