Arrasaten ekintza egitarau oparoa Emakumeen Nazioarteko Egunerako

2021/03/03
Card image cap
“Inor kanpoan geratu ez dadin” leloarekin, Arrasateko Udalak hainbat ekintza antolatu du herriko talde eta eragile batzuekin elkarlanean, besteak beste, Martxoak 8ko kartel lehiaketaren erakusketa, antzerkia eta liburu baten aurkezpena. Martxoaren 8an bertan, hainbat elkarretaratze deitu dira goizean eta arratsaldean.

Datorren astelehenean, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta horren harira, Arrasateko Udalak, herriko hainbat talderekin eta eragilerekin elkarlanean, ekintza egitarau oparoa antolatu du. Programa antolatzen parte hartu dute, hain zuzen: Emakume Txokoak, Ekin Emakume elkarteak, Arrasateko bilgune feministak, Pottogorriak, Arrasateko neska gaztiak taldeak eta Arrasateko Emakumeon Mundu Martxako plataformak.

Egitaraua da:

Martxoaren 2tik 15era

  • Martxoak 8ko kartelen erakusketa Emakume Txokoan

Martxoak 5, egubakoitza

  • “Itolarriak” antzerkia (gazteleraz), Belen Nevadoren eskutik. 19:00etan Kulturate, areto nagusian.

Martxoak 6, zapatua:

    • Amaiera ekitaldia, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak antolatua: “Zubi guztien gainetik. Mugarik ez. Transnazionalik ez”. 12:30-15:40 Irun-Hendaia mugan.

    Martxoak 8, astelehena

    • Elkarretaratzeak
      • 10:30 Gaztelupen eta 11:00etan Arrasateko Institutuan Arrasateko Neska Gazteek deituta.
      • 19:00etan Sebero Altuben Arrasateko Mugimendu Feministak deituta.

    Martxoak 11, eguena

      • “Romipen, emakume ijitoak berdintasunerako bidean” dokumentalaren aurkezpena, eta horren ostean, solasaldia egile eta protagonistekin. 19:00etan Kulturaten, areto nagusian (gaztelaniaz).

      Martxoak 18, eguena:

      • “Salda badago” Euskal Herriko V. Jardunaldi feministen liburuaren aurkezpena. 19:00etan Kulturateko Areto Nagusian (euskaraz).

      Martxoak 25, eguena:

      • Zinegoak hedapena-film laburraren emanaldia. 19:99etan Kulturateko Areto Nagusian (euskaraz eta gaztelaniaz).

      Helena Azkarragaurizar Jauregi Martxoak 8ko kartel lehiaketaren irabazle

      Era berean, martxoaren 8rako urtarrilean martxan jarritako kartel lehiaketak badu jada irabazlea. Aurkeztutako 20 lanen artean, Helena Azkarragaurizar Jauregik “Ate gorria” lelo pean aurkeztutakoa izan da aurtengo lehiaketaren garaile; eta horrenbestez, berea da martxoak 8ko kartelaren irudia, baita egitaraua zabaltzeko erabili den esku orriaren irudia ere.

      Martxoak 8 kartelaren irabazlea

      “Kanpainaren leloa entzutearekin batera bururatu zitzaidan lehen ideiarekin sortu nuen kartela,  atearen irudiarekin, alegia. Kolore gorria aukeratu nuen, izan ere, kolore horrek epeltasuna adierazi dezakeen arren, arriskua ere sinbolizatzen duelako, eta hori da, hain zuzen nik irudikatu nahi nuena, kale gorrian geratzeko arrisku hori”, adierazi du Helenak.

      Arrasateko Udalak zein Emakume Txokoak eskerrak ematen dizkie lehiaketan parte hartu duten guztiei, baita aukeraketa prozesuan lagundu dutenei ere. Lehiaketako lan guztiak ikusgai egongo dira martxoaren 2tik 15era bitartean Emakume Txokoan; ikusi ahal izango dira astelehenetik eguaztenera arte 09:00-14:00 eta 16:30-18:00 bitartean, eta egubakoitzetan 10:00etatik 14:00ak arte.