Emakumeen Txokoak “Malen Etxea. Zaintzaren esklabo” dokumentalaren emanaldia eta solasaldia antolatu du urriaren 15erako
Arrasateko Emakumeen Txokoak dokumentalaren emanaldia eta solasaldia antolatu du datorren urriaren 15erako. “Malen Etxea. Zaintzaren esklabo” du izenburu eta Kulturateko Areto Nagusian eskainiko da arratsaldeko 18:30ean. Film dokumental labur honen bitartez, Euskal Herrian zaintza lanetan dabiltzan emakume etorkinen egoera azaleratzen da.
Lau emakume etorkinek zaintza lanetan jasandako zapalkuntzak salatzen dituzte. Bakoitzak beretik, gogoeta bat eragin nahi dio ikusleari galdera bat eginez. Euren hitzetan, “Euskal Herriko atari bakoitzean baitago zaintza lanetan esklabo diharduen emakume etorkin bat”.
Urriaren 15eko proiekzioan eta solasaldian, Silvia Carrizok aurkeztuko du dokumentala. Malen Etxea elkartearen sortzailea da. Dokumentalean eta solasaldian bertan, zaintza lanei buruzko hainbat datu, salaketa eta konponbide emango ditu.
Film labur hau, 15 minutukoa, Maitane Subijana Zendoiak zuzendu du. Protagonistak dira Luz Agirre, Jessica Guzman eta Mina.
“Prekarietateak emakume eta etorkin aurpegia du. Egunez egunekoa den errealitate horrekin egiten dute lan Malen Etxean. Malen Etxea emakume etorkinen ahalduntzean ari da lanean, bereziki diskriminazioa, esplotazioa eta abusua pairatzen dituzten langileen promozioan. Aurrerabide bat nahi dugu, lan eskubiderik eta eskubide politikorik ez duen gutxiengo baten kontura?, galdetzen dute”.
“Zaintza lanen garrantzia inoiz baino modu agerikoagoan mahai gainean dugun honetan, ezinbesteko hausnarketa da Malen Etxeako kideek egiten digutena” nabarmendu dute Emakumeen Txokoko arduradunek. Hausnarketa horretan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte herritarrak datorren urriaren 15ean:
- MALEN ETXEA. ZAINTZAREN ESKLABO. Emanaldia eta solasaldia.
- Urriaren 15ean, Kulturaten, Areto Nagusian, 18:30ean
- Dokumentala gaztelaniaz da, euskarazko azpitituluekin.
- Solasaldia gaztelaniaz izango da.
Albiste erlazionatuak
Emakume txokoa
- Emakume Txokoak baliabide ugari prestatu du San Juanak indarkeria sexistarik gabeko gune izateko 2022/06/17
- Miren Agur Meabe idazlea maiatzaren 12an Emakume Txokoaren ‘Emakumeak protagonista’ elkarrizketa saioan 2022/05/05
- Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak argiztatzeko ‘Lumineszenteak’ erakusketa antolatu du Udalak apirilaren 28tik maiatzaren 13ra Kulturaten 2022/04/21
- Emakume Artisau eta Ekoizleen Azoka larunbatean, martxoak 26, Seber Altube Plazan 2022/03/23