Emakumeentzako autodefentsa ikastaroa ArraSasoirekin

2018/04/03
Card image cap
Apirilaren 21ean ABAEeren (Arrasate Borroka Arte Eskolaren) eskutik emakumeek teknika desberdinak ikasteko aukera edukiko dute jasan dezaketen erasoei aurre egin ahal izateko. Kurtsoa goizeko 11etatik aurrera egingo da, Antoñako Tatami Gelan eta doakoa izango da. Izena eman nahi duenak kiroldegira deitzearekin nahikoa izango du.

Pasa den otsailean Aikido Arrasate, Arrasate Judo Elkartea eta Ziorla Kenpo taldeek euren indarrak batu eta Arrasate Borroka Arte Eskola (ABAE) sortzea erabaki zuten talde moduan hazi eta herriari, betiko kirolez gain, beste modalitate batzuk ere badaudela erakusteko asmoz.

Euren kirola bistaratzeko asmoz “Emakumeentzako autodefentsa ikastaroa” antolatzea erabaki zuten, hilero nahi duenak izena eman dezakeelarik. Arrasateko Udaleko Kirol Sailak oso ideia ona dela irudituta, ABAErekin elkarlanean jarri nahi izan du, Apirileko kurtsoa bere “ArraSasoi: hamabi hile, hamaika gai” programaren barruan txertatzeko eta bide batez ahalik eta zabalkunde handiena egin ahal izateko. 

Hori horrela, apirilaren 21ean emakumeentzako autodefentsa ikastaro berri bat egingo da Antoñako Tatami Gelan goizeko 11etan hasi eta 13:00ak bitartean, 12 urtetik gorako neska eta emakumeentzat. Kurtsoa doakoa da eta bertan parte hartu nahi duen orok egin behar duen bakarra, apirilaren 20a baino lehen, Musakolako Kiroldegian izena ematea da.

Kurtsoa ABAEko lagunek emango dute; maisu titulatuak eta esperientzia handikoak. Kasu errealetan oinarritutako egoerak erabiliko dira eta berauen moldaketek emakumeek tratu txarrak saihesteko erabili ditzaketen teknikak ikasteko balioko dute. Gure gizartean dagoen gaitz handienetako bati aurre egiteko kurtsoarekin dator beraz oraingoan “ArraSasoi”. Ohar modura: arropa erosoa eramatea gomendagarria da.