Enpresa berrientzako aurtengo laguntza programa zabalik

2014/04/07
Card image cap
Laguntzak eskatzeko epea maiatzaren 28ra arte dago zabalik eta eskaerak BAZen aurkeztu behar dira, prestatutako inprimakietan. Aurtengoa programa honen 15. edizioa da.

Herrian sortzen diren enpresa ekimen berrien sustapeneko programa da Arrasateko Udalaren Enpresen Laguntzen Programa, enpresa berri txikietan sortzen diren kalitatezko lan postuak diruz laguntzen dituena.

Enpresa txiki moduan ulertzen da 15 langile baino gutxiago duena, eta kalitatezko lanpostu moduan, egun osoko jarduneko mugagabeko kontratupekoa, edo autonomoak. Laguntzaren zenbatekoa sortutako lanpostu egonkor bakoitzeko 2.250-4.500 euro artekoa izan daiteke. Kasu guztietan, ezinbestean, 3 urtez mantendu behar dira bai jarduera Arrasaten kokatuta, baita lanpostuak ere.

Babes berezia sektore ahulenei

Programa hau 2000.urtean sortu zen, helburu batekin: enpresa jarduera berriak herrian inplantatzeko sustapena egitea, eta lanpostu egonkorrak sortzen laguntzea. Programa honen eragina ez da horrenbeste enpresa berri gehiago sortzeko bultzada ematea, baizik eta naturalki sortuko direnak laguntzea, egindako ekintzaile ahalegina aintzat hartuz, eta kalitateko enplegua sortzea sustatuz.

Azpimarragarria da programa honek, herriko ekonomian egoki eragitearren,  babes berezia eman nahi diela, ekonomia globalizatuak gogorren erasotuak izanagatik, edo bestelako arrazoiengatik, ahulen agertzen diren sektoreei; merkataritza txikiari eta  nekazaritzari hain zuzen.  Bestalde, eta gizarte erantzukizunaren ikuspegitik,  laneratzeko zailtasun handienak dituzten giza taldeen kontratazioa hobesten du. 

Programak funtzionamendu araudi bat du, bertan zehazten direla laguntza ematerako orduan kontuan hartu beharreko hainbat aspektu:  lanpostuek enpresarekin eduki beharreko lan harreman mota, inbertsioen kopurua, enpresaren aspektu legalak, laguntzaren zenbatekoa, enpresaren  betebeharrak, diru itzulketen prozedurak…

Une bakoitzeko beharrei erantzunez

Programa arautzen duen oinarria denboran zehar egokitzuz joan da, une bakoitzeko errealitateari eta beharrei erantzuteko.  Adibidez, 2012an krisiaren ondorioz ixten ziren enpresa kopurua igotzen ari zela ikusita, itzulketa partzialak egiteko aukera artikulatu zen;  2013an, tabernak berriro ontzat hartzeko aldaketa egin zen, jarduera mota guztiei laguntzak eskuratzeko aukera berdina eman guran. Aurten, berriz, diru laguntzaren zenbatekoa eguneratzeko aldaketa egin da.

2014an laguntza igoera

Murgilduta gauden egoera ekonomiko latzean, enpresa berriei ekiteko aukerak asko murriztu dira gure inguru hurbilean. Testuinguru honetan, Arrasateko Udaleko Enplegu eta Garapen Ekonomikoko Sailak  Arrasaten sortzen diren enpresa ekimen berriei bultzada berezi bat eman nahi  die,  ekintzaileei egiten duten ahalegina aitortuz.  Horretarako, 2000. urteaz geroztik Udal Sail honek kudeatzen duen  Enpresen Laguntzen Programaren diru laguntzen oinarrizko diru kopuruari %25 eguneraketa- igoera bat aplikatu zaio, lanpostuko   3.600 €tatik 4.500 €tara handituz, alegia.

Beraz, 2014ko ekitaldiari begira, 35.000 €tako diru konsignazioa jasotzen du Udal Aurrekontuak;  diru horrekin 10 bat lanpostuen sorrera lagundu ahalko litzateke.

Informazio gehiago

Laguntzak eskatzeko epea 2014ko maiatzaren 28 arte zabalik dago eta eskaerak BAZen aurkeztu behar dira, prestatutako inprimakietan.

Zalantzaren bat izanez gero, edo informazio gehiago eskatzeko, Udaleko Enplegu Sailarekin jarri harremanetan:  enplegu@arrasate-mondragon.net  helbidean edo 943 252070 zenbakian.

Programaren zenbait datu orokor

Hamalau ediziotako ibilbidean programa honek eman dituen zenbait datu orokor agertzen dizkizuegu jarraian, interesgarriak izango direlakoan:

  1. Banatutako dirua
  • 524.850 € banatu dira
  1. Itzulitako dirua
  • 70.739 € itzuli dira Udalera
  1. Lagundutako enpresa kopurua
  • 123 enpresak hartu dute diru laguntza
  1. Itxi diren enpresa kopurua
  • 30 enpresa itxi dira
  1. Lagundutako lanpostu kopurua
  • 183 lanpostu diruz lagundu dira
  1. Desagertu diren lanpostu kopurua
  • 41 lanpostu desagertu dira
  1. Balantze orokorra
  • Banatutako diruaren %13,47 Udalera itzuli da.
  • Laguntza jaso duten  enpresetatik %75,60 martxan jarraitzen dute.
  • Diruz lagundutako lanpostuetatik % 77,59  bizirik daude.