Enrike Gómez Alvarez “Korta” aitortuko du Arrasateko Udalak Memoriaren egunaren testuinguruan
2025/11/04
2016 urtean, Arrasateko Udalak memoria eta bizikidetza lantzeko bideari ekin zion. Udaletxean ordezkaritza politikoa zuten alderdien arteko elkarlana eta oinarrizko kontsentsuei esker, 1936-2018 urteen artean herrian izandako eta Arrasateko herritarrek pairaturiko indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen memoria berreskuratzeko pausuak eman ziren. Egindako memoria ikerketei jarraipena emate aldera eta hauek oinarri bezala harturik, biktima guztien oroimen eta aitortza bideari hasiera eman zitzaion.
Enrike Gómez Alvarez “Korta” oroitu eta aitortzea
Lan hau bere gain Bizikidetza Batzordeak hartu zuen eta azken urte hauetan, azaroak 10a – Memoria eguna- Arrasateko herriarekin lotura estua duten hildako biktimak aitortu eta oroitzeko baliatu izan du Arrasateko Udalak. Beraz, bide honetan, Arrasateko Udalak, bertan ordezkaritza politikoa duten lau alderdien arteko elkarlana eta adostasunari esker, motibazio politikozko indarkeriak eragindako Giza Eskubideen urraketen biktima den Enrike Gómez Alvarez “Korta” oroitu eta aitortu nahi du.
Bi ekitaldi
Oroimena eta aitortzaren bide honetan eta Memoria egunaren testuinguruan Arrasateko Udalak bi ekitaldi antolatu ditu. Alde batetik Enrikeren bizitza eta ibilbidea ezagutzeko bere senide eta lagunen testigantzez osaturiko “Korta. Askatasun haizea” dokumentala ikusteko aukera izango dugu. Emanaldia, azaroak 10ean, astelehenean 18.00etan Arrasateko Musika Etxean izango da eta bertan ere Julen Diaz de Argote zuzendariarekin solasteko aukera izango dugu.
Bestetik, azaroak 29an, larunbatean 12.00etan Arrasateko Udalak Enrike Gómez Alvarez giza eskubideen urraketen biktima bezala aitortuko du, Pleno Aretoan egingo den ekitaldi instituzionalaren bitartez. Ekitaldia Arrasateko herritar orori irekia izango da.

Enrike Gomez Alvarez “Korta”-ren inguruan Argituzek 2018an egindako “Memoria partekatu baterantz. 1956-2018 Arrasate-Mondragon” liburuan jasotako informazioa.
Enrique Gomez Alvarez
1979ko ekainaren 25ean Batallón Vasco Españolek (BVE) 25 urteko Enrique Gomez Alvarez erail zuen Baionan. ETAko kidea zen, eta poliziari ihes eginda Ipar Euskal Herrian babes hartuta zebilen 1974az geroztik. Aipatutako egunean, etxerako bidean zela, Peugeot 305 bat jarraika zuela konturatu eta laguntza eskatzen ahalegindu zen: baina Udalaitz tabernaren parean zegoela, autoa gelditu eta dozena bat tiro bota zizkioten. Anbulantzian hil zen Enrique Gomez, Baionako ospitale zibilera bidean. Eusko Jaurlaritzaren TBLZk emandako Talde inkontrolatuek, eskuin muturreko taldeek eta GALek eragindako terrorismoaren biktimei buruzko txostenak dioenez, “Jean Pierre Cherid izan zen atentatuaren egilea” (2008: 26). Enrique Gomez Leongo Porqueros herrian jaio zen eta haurtzaroan joan zen Gasteizera, gurasoek bertara migratu zutenean. Gasteizen bizi izan zen, Samaniego ikastetxean ikasi zuen, bai eta gerora Jose Obrero lanbide-eskolan ere. Bertan ikasi zuen euskara eta ondoren bera ere aritu izan zen euskara-irakasle Arabako hiriburuan, Arrasatera joan zenera arte. Arrasatekoa zuen bikotekidea, Kristina Larrañaga Arando, Enrique erail zutenean Kristina euren semeaz haurdun zen.