EREITTEN proiektuak boluntario berriak behar ditu Arrasateko haurrei euskaraz ikasten laguntzeko
2026/11/16
EREITTEN - Elkarrekin Euskaraz proiektuak boluntario berriak bilatzeko deia egin die Arrasateko herritarrei. Ekimenaren bidez, Lehen Hezkuntzako haurrei euskarazko errefortzua eta eskola-laguntza eskaintzen zaie, eta ikasturte honetan boluntario-sarea handitu nahi dute, haur gehiagorengana iristeko.
Aurreko ikasturtean 34 haur eta 16 boluntariok hartu zuten parte proiektuan. Esperientzia horri jarraipena eman eta egitasmoa indartzeko, boluntario berrien laguntza behar dute orain.
EREITTENen haurrek euskara gehiago ikastea eta hizkuntza erabiltzeko aukera zabalagoa izatea da helburua, euskarazko solaskide berriak eskaintzea eta euskararekiko atxikimendua indartzea. Horrez gain, konfiantzazko giroan, haurren autoestimua, ikasteko gogoa zein konfiantza sustatu nahi ditu, baita haien garapen akademikoan lagundu ere.
Boluntario izateko konpromisoa
Boluntario izateko ez da ikasketa edo titulazio berezirik behar. Euskaraz jakitea eta haurrei laguntzeko interesa izatea dira baldintza nagusiak. Parte hartzeko konpromisoak astean ordubeteko saio bat eskaintzea dakar. Saioen eguna haur bakoitzaren eta boluntarioaren ordutegien arabera adostuko da, parte-hartzaileen aukerak kontuan hartuta.
Boluntarioek ez dute bakarrik jardungo. Noizean behin jarraipen-bilerak eta prestakuntza-saioak antolatuko dira, esperientziak partekatzeko eta eguneroko jardunean lagungarri izango diren baliabideak eskaintzeko.
EREITTEN proiektua Arrasateko hainbat eragileren arteko elkarlanari esker garatzen ari da. Arrasateko Udala, herriko ikastetxeak, Euskaltegia, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea (HUHEZI), Laboral Kutxa eta MONDRAGON Korporazioa dira egitasmoaren sustatzaile eta laguntzaile nagusiak.
Boluntario izateko interesa dutenek 600 048 228 telefono-zenbakira deitu edo ereitten@mondragon.edu helbidera idatzi dezakete.