Eskalada hastapena helduentzat Boulderrean

2018/02/20
“ArraSasoi: hamabi hile, hamaika gai” programaren barruan beste ekintza bati helduko dio otsailean Arrasateko Udaleko Kirola Sailak: helduei zuzendutako eskalada kurtsoa Boulderrean. Oraingoan ere, Kiroldegiko abonatuei begira egindako saioak izango dira, doan eta parte hartzeko egin behar den gauza bakarra, aurrez izena ematea da

Arrasateko Udaleko Kirola Sailak “ArraSasoi: hamabi hile, hamaika gai” programarekin aurrera jarraitzen du eta otsailerako beste ekintza bat proposatzen du: Eskalada hastapena helduentzat Boulderrean. Urtarrilean Emakume Raketistei buruzko ekintzak herri guztira zabaldu eta gero, oraingoan, berriz ere, kiroldegiko abonatuei begira jarriko da ArraSasoi eta eskaladako diziplina probatzeko aukera emango die 16 urtetik gorako abonatu direnei.

Ohikoa den legez, kurtso hauek dohainik izango dira eta bertan parte hartzeko baldintza bakarra aurrez izena ematea izango da. Horretarako, kiroldegiko harreran galdetu eta gehien komeni zaion eguna eta ordua aukeratzearekin nahikoa izango da. Taldeak 10 pertsonakoak izango dira gehienez, ahalik eta zerbitzu indibidualena eman ahal izateko, eta hori dela eta, lehenbailehen izena ematea komeni da.

Abonatuek bi egun eta lau saio izango dituzte aukeran. Aurreneko egunean, datorren otsailaren 27a, asteartea, eguerdian emango dira kurtsoak. Martxoaren 1ean, ostegunean, berriz, arratsaldean. Bertan, irakasleek, oinarrizko abileziak erakutsiko dituzte paretan zehar mugitu eta zintzilik egon ahal izateko. Aipatzekoa da gainera, ez dela inolako materialik eraman behar izango, Uarkapeko frontoiko Boulderrean beharrezkoa dena aurkituko baitute kurtsora apuntatzen direnek.

  • NORENTZAT:  abonatu guztiak
  • PREZIOA: Doan
  • BALDINTZA: Aurrez izena ematea kiroldegiko harreran
  • IRAUPENA: 30 min.
  • ORDUTEGI AUKERAK:
    1. Otsailak 27: 12:30etan eta 13:00etan
    2. Martxoak 1: 19:30etan eta 19:30etan