Datorren astean Eskolara Oinez ekimena abiatuko da

2023/09/13
Card image cap
kartela
Ekintza egingo da Arrasate Herri Eskolako ikasleekin.

Udalako Ingurumen Eskolak, Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin bat eginez, animatu gura ditu Arrasateko ikasleak eta irakasleak ibilgailu motordunak alde batera utzi eta eskolara oinez joan daitezen, irailaren 18tik 22ra.

Ekimenean parte hartuko dute Arrasate Herri Eskolako ikasleek; hain zuzen ere, 2. eta 3. zikloko ikasleek. Aurten ibilbide bi egingo dira: batak, erdigunetik abiatuta (Biterin 08:30ean) Arbolapetaraino joanez, bidegorria hartuko du Monterron parketik barrena. Aldiz, beste ibilbideak San Andrestik irtenda (09:40an Kurtzetxiki plazan) Erguinerantz hartuko du Arrasate pasealekua zeharkatuz. Hasierako leku horietan Udalako Ingurumen Eskolako irakasleak egongo dira, haurrak jaso eta eskolaraino bidean laguntzeko.  Dena den, ibilbidean zehar bizi direnek aukera izango dute taldera batzeko. Parte hartzeko, ikasleek izena eman beharko dute irailaren 14a baino lehen, eta parte hartzaileen artean saritxo batzuk banatuko dira astearen amaieran.

Garrantzitsua da oinez mugitzea, alde batetik, ibilgailu motordunek sortzen dituzten inpaktuak (zarata, berotegi efektuko gasen isurketa, istripu arriskua eta abar) murrizteko, eta beste aldetik, modurik osasuntsuena delako aire zabalean mugitzeko. Gainera, beste modu bat da gure herria jasangarriagoaren eta atseginagoaren alde egiteko. Hortik aparte, Arrasateko Udalak, irailaren 16tik 22ra, herriko autobusa doan jarriko du.

Animatu zaitezte! Ingurumenaren eta osasunaren alde egingo dugu eta eskolara oinez joango gara elkarrekin!