Espainiako gobernura eta enplegu eta gizarte segurantzako ministeriora helarazi ditu Arrasatek pentsiodun eta jubilatuen eskaerak

2018/03/28
Card image cap
Horien artean, pentsioen ordaina urteko KPIaren arabera handitzea, alarguntza pentsioak igotzea eta LPEZ-aren baliogabetzea eta itzulketa erreklamatu dituzte pentsiodunek eta Arrasateko Udalak. Halaber, elkartasuna, laguntza eta babesa adierazi die beste behin Udalak pentsiodun guztiei eta haien interesen alde lanean jarraituko duela adierazi du

Egungo pentsioen egoeraren inguruko eztabaida pil-pilean dabil azken hilabeteotan eta horren harira ehunka jubilatu eta pentsiodun kalera atera dira haien eskubideak eta bereziki pentsio duinak aldarrikatzeko.

Horri lotuta, Arrasateko pentsiodunak ere bat egin dute aldarrikapen horiekin eta joan den martxoaren 6an Arrasateko Udalean ospatutako osoko bilkuran parte hartu zuten. Bertan, pentsioekin lotutako mozioa aho batez onartzeaz gain, Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen Elkarteak aurkeztutako eskariak Espainiako Gobernura eta Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministeriora helarazteko konpromisoa hartu zuen Arrasateko Udalak.

Ildo horretan, emandako hitza beteaz, dagoeneko igorri dizkio Udalak aipatu erakundeei elkartearen eskariak, guztiak osoko bilkuran babestu eta onartuak, gainera. Horien artean, besteak beste, pentsioen ordaina urteko KPIaren arabera handitzea, alarguntza pentsioak igotzea eta LPEZ-aren baliogabetzea eta itzulketa erreklamatu dituzte pentsiodunek eta Arrasateko Udalak.

Eskari horien guztien bitartez, pentsioen egoera larri bezain kezkagarria salatu dute eta egungo egoerari irtenbidea emateko helburuz, pentsioak berehala lehengoratzea exijitu diote Gobernuari eta Enplegu zein Gizarte Segurantzako ministerioari.

Udalak, halaber, bere laguntza, babesa eta elkartasuna adierazi die beste behin pentsiodun eta jubilatu guztiei eta egungo arazoari ahalik eta irtenbide bizkor zein hoberena emate aldera, haien eskubideen eta interesen alde lan egiten jarraituko duela adierazi du.