Udalak Etxetxikiak eremua urbanizatuko du, bizilagunekin elkarlanean

2022/05/04
Aramaio errekaldeko horma, etxeen inguruko urbanizazioa eta Etxetxikiak kaleko albo baten berrurbanizazioa egingo dira, non bidegorri zati bat sortuko den.

Udalak Etxetxikiak eremua urbanizatuko du. Zehazki, Aramaio errekaldeko horma, etxeen inguruko urbanizazioa eta Etxetxikiak kaleko albo baten berrurbanizazioa egingo dira, non bidegorri zati bat sortuko den.

Proiektuaren xehetasunak eskaini dituzte prentsa agerraldian Maria Ubarretxena alkateak eta Aitor Zubiaga EH Bildu alderdiko zinegotziak.

Eremuaren Plan Berezia onartu zen 2021ean, eta orain, urbanizazio plana garatu da. Guztira 18 partzela daude. Eremuak Plan Berezia ez izateak arazo ugari sortzen zien auzotarrei, ezin baitzituzten zerbitzuak eguneratu edo kontratatu (esaterako zuntz optikoa), ezta obrak egin ere. “Aktuazio honek, beraz, Etxetxikietako auzotarren ongizatean eta bizi kalitatean zuzenean eragingo du onerako, eta Plan Bereziak segurtasun osoa ematen die etxebizitzak eguneratzeko” nabarmendu dute udal ordezkariek. EH bilduren proposamena aintzakotzat hartuz, urbanizazio planaren esparruan, bidegorri zati bat sortuko da.

Lizitazioa ekainean jarriko du abian, eta aurreikusten da obra exekutatzen hastea uda ostean. Lanek 8 hilabete irautea espero da. Hasierako aurrekontua da 1.364.467,87 euro, BEZa barne. Bizilagunek, aurrekontu horretatik, 341.115,60 euro ordainduko dute, bakoitzak bere eraikigarritasun ahalbideen arabera. Lehen urbanizazio planak garatzerakoan auzotarrek ordaindu behar izan ohi dute aurrekontuaren zati bat.

Beraz, batetik, epe luzerako sostengua emango zaie Aramaio errekaren alboko eustorma ezegonkortu izanaren ondorioz egonkortasuna edo sendotasuna galdu duten etxebizitzei, horma berreraiki eta errekan pilatutako materialak bertatik kenduta. 36. eta 38. zenbakidun etxebizitzei eusteko sistemaren diseinuan, mikropilotezko pantaila etenak erabiliko dira.

Bestetik, urbanizazioaren barruan kaleak berrituko dira, eta babes horma konpondu eta azpiegitura guztiak ezarri. Auzoan 3 kale urbanizatuko dira: sarbide publikoak eraiki eta etxebizitzen atariak eraberritu, kaleari osotasuna emanez.

Urbanizazioaren irisgarritasunari dagokionez, hiru sarrera izango ditu. Horretarako, oinezkoentzako pasabide berri bat egingo da, urbanizazioaren kale nagusira sartu ahal izateko.

Azpiegiturei dagokienez, aurreikusten da gaur egun airetik dagoena lurperatzea eta urbanizazioko hiru kaleetan beharrezkoak diren sare guztiak jartzea: ur hornidura, ur beltzak, euri-urak, sare elektrikoa, telekomunikazioak, gasa eta argiteria. Horretarako, sare guztietako zangak egingo dira eta Etxetxikiak kalean dagoen sare nagusira konektatu. Gero, etxebizitza guztietara beharrezko hartuneak egingo dira.

Etxetxikiak kalea ere eraldatuko da, kaleen integrazioa hobetze alde. Aurreikusitako aldaketak urbanizazioaren ondoko ertzean izango du eragina. Horretarako, espaloia zabalduko da, irisgarritasun hobea lortzeko.

Aldi berean, bidegorri berri bat eraikiko da. Haren trazadura galtzadaren eta espaloiaren artean joango da, zubiko eremuan izan ezik, aparkalekuen eta espaloiaren artean joango baita, eta aparkalekuen ondoan espaloi zati bat utziko du. Hainbat aparkaleku kenduko dira.

Zirkulazioari dagokionez, noranzko bereko errei bi izatetik errei bakarra izatera igaroko da Etxetxikiak kalean zehar, eta, biribilgunetik irteteko, erreia zubiaren luzeran zehar mantenduko da.

Aktuazio honen bidez udalaren asmoa da auzoa atseginagoa egitea, irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea, azpiegiturak berritzea eta bizilagunen egunerokoa erraztea, eta urbanizazio planaren bidez ahalmena ematea zerbitzuak eta obrak egiteko.