Etxean langileak kontratatzen dituzten pertsonentzat lan-arriskuen prebentzioari buruzko hitzaldia antolatu du Arrasateko Udalak, ZainSare proiektuaren bitartez
2026/03/11
ZainSare Gunearen bitartez, Arrasateko Udalak etxeko lan-arriskuen prebentzioari buruzko hitzaldia antolatu du. Saioaren helburua da etxean langileak kontratatzen dituzten pertsonei informazio argia eta praktikoa eskaintzea arlo honetako legezko betebeharrei buruz, etxean lan egiten duten pertsonentzat lan-baldintza egokiak eta seguruak bermatu ahal izateko.
“Prebentzioa etxean: legezko betebeharra etxean norbait enplegatzen baduzu” izeneko hitzaldia martxoaren 18an, asteartea, 12:30etik 14:00etara egingo da, Grupo SSIren bulegoetan (Iturriotz kalea 21).
Saioan, lan-segurtasun eta osasun arloko profesionalek azalduko dituzte etxeko eta zaintzako langileek dituzten arrisku nagusiak, enplegatzaileek duten legezko erantzukizuna eta araudia nola bete. Halaber, parte-hartzaileek gaiari lotutako zalantzak argitzeko aukera izango dute.
Izen emateak
Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman behar dute, edukiera mugatua baita. Horretarako, 747 42 58 56 telefonora deitu daiteke (Judit García, Arrasateko ZainSare Guneko teknikariak artatuko ditu deiak) edo baita online hemen, edota herrian jarritako kartel informatiboetan agertzen den QR kodearen bidez.
Bestalde, ZainSare Guneak udalerriko enplegatzaileei laguntza eskainiko die, hala nahi badute, etxeko langileen kontratazioarekin eta lan-arriskuen prebentzioarekin lotutako araudia betetzeko beharrezkoak diren urratsak egiteko. Horretarako, hitzordua eskatu daiteke 747 42 58 56 telefonora deituta.
Zain Sare proiektuaren oinarrian
Arrasateko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren laguntzarekin, ZainSare Gunea jarri zuen abian pasa den urtean modu esperimentalean. Udal baliabide berri horrek informazioa, orientazioa eta laguntza eskaintzen die etxeko eta zaintzako langileak kontratatzen dituzten edo kontratatu nahi dituzten pertsonei, baita sektorean lan egiten duten edo lan egin nahi duten langileei ere.
Zerbitzuen artean, kontratazioei buruzko aholkularitza, eskura dauden baliabideen inguruko informazioa, eskubide eta betebeharren inguruko orientazioa eta etxeko eta zaintzako langileen eta enplegatzaileen arteko eskaintza-eskariaren arteko lotura daude. Programa honen helburua zaintza-lanak balioan jartzea da, baita zaintzako langileak zaindu eta babesa ematea ere.