Saio praktikoa Arrasaten etxebizitzetan energia berriztagarriak ezartzeko

2023/10/11
Card image cap
Hitzaldia urriaren 19an egingo da, 18:30ean Kulturaten, areto nagusian. Interesdunek aurrez izena eman behar dute urriaren 16a baino lehen.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Arrasateko Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, tailerra antolatu du etxebizitzetan energia berriztagarriak ezartzeko aukeren inguruan informatzeko, urriaren 19an, 18:30ean, Kulturaten, areto nagusian.

“Energia berriztagarriak zure etxean… posible da!” tailerraren helburua da herritarrei modu argi eta ulergarri batean eskaintzea energia berriztagarriak ezarri ahal izateko beharrezkoak diren irizpideak eta ezagupenak. Energia berriztagarrien ezarpenak araudiari lotutako aldaketak jasan ditu berriki, eta aldaketa horiek erraztu dute teknologia horiek ezartzea, banakako etxebizitzetan zein etxebizitza blokeetan. Izaera praktikoa izango duen saio honi esker, aditu batek argituko du energia berriztagarrien instalazioak zer-nola eraman aurrera, eta, aldi berean, azalduko du, gure lurraldean martxan dauden instalazioen benetako kasu praktikoen bidez, instalazio horietan sortutako energia nola erabili daitekeen. Gainera, parte hartzen dutenei “Autokontsumoko instalazioen gida praktikoa” banatuko zaie.

Tailer honetan parte hartu gura duten herritarrek urriaren 16a baino lehen eman behar dute izena, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik jakitea zenbat lagun izango den. Horretarako, bide hauek erabili daitezke:

  • Posta elektronikoa bidaltzea helbide honetara: argitu@gipuzkoa.eus
  • Telefono zenbaki honetara deitzea: 605 75 76 87 (astelehenetik egubakoitzera. Ordutegia: 9:00-18:00)
  • Informazio osagarria: www.argitu.eu

Energia Argitu programaren helburua da Gipuzkoako sektore batzuei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak eta abar) tresna batzuk eskura jartzea energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Horretarako, Jasangarritasun Foru Departamentuak baliabide multzo bat jartzen du lurraldeko eragileen eskura; hala nola aurrez aurreko prestakuntza saioak, on-line tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren webgunea eta abar. Hona hemen 2023ko udazkenean zer prestakuntza eta sentsibilizazio ekintza egingo diren:

  • Zelan egokitu etxeko kontsumo elektrikoa tarifa berrietara zoratu barik.
  • Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu barik!
  • Komunitate Energetikoak: zer diren eta zelan funtzionatzen duten.
  • Jakin ezazu zein den berokuntza sistemarik egokiena zure etxebizitzarako (Berria)
  • Energia Argitu kit kanpaina: kanpaina horren helburua da beharrezko tresnak ematea herritarrei etxeko energia kontsumoa modu pertsonalizatuan auto diagnostikatu eta ulertu ahal izateko, bai eta irtenbideak proposatzea ere energia eraginkortasuna hobetzeko eta, horren ondorioz, faktura elektrikoa murrizteko.

Energia Argitu da Gipuzkoako Eraldaketa Energetikoko Bulegoak bultzatuko duen jardueretako bat. Bulego hori Europar Batasuneko Next Generation EB funtsek finantzatzen dute, eta Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) kudeatzen ditu, Espainiako Gobernuaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana betez.