Etxezarreta parkeko lorategia berreskuratuko du Arrasateko Udalak
2025/07/24
Arrasateko Udalak udazken honetan jarriko du martxan Etxezarreta parke historikoa berreskuratzeko lanak, inguruko natura eta ondare botanikoa lehengoratzeko eta aisialdirako gune atsegin eta irisgarri bat sortzeko helburuarekin.
Etxezarreta parkea, Deba ibaiaren meandro batean kokatua eta XIX. mendeko lorategi baten aztarnak dituen espazioa da. Gaur egun egoera degradatuan dagoen arren, izaera berezia eta zuhaitz erraldoi zaharren bilduma baliotsua (sekuoiak, zedroak, haginak, etab.) gordetzen ditu, eta horiek dira proiektuaren ardatz nagusietako bat.
Natura eta irisgarritasuna uztartuz
Proiektuaren esku-hartze nagusiak hauek dira:
- Bi sarbide berriren egokitzapena: San Prudentzio eta Eroski aldeetan, identitate bisuala eta ekologikoa batzen duten 10 metroko akazi enborrez osatutako ateak eraikiko dira. Haien azaletik igoko diren huntzak, biodibertsitatea sustatzeaz gain, irudi berezia sortuko dute denborarekin.
- 250 metroko pasealekuaren egokitzapena, zoladura homogeneo eta drenaje sistema berrituarekin.
- Lorategi barneko bide sare natural berria, 416 metroko luzerakoa. Garai bateko bide sarea galduta badago ere, puntu batzuetan aztarnak ikusten dira.
- Landarediaren lehengoratzea: berez sortutako begetazioa garbitu eta soropil eta zelaien antolamendu berria ezarriko da. Halaber, zuhaitz eta zuhaixka berriak landatuko dira (koniferoak, astigar japoniarrak, magnoliak, gereziondoak, palmondoak, etab.), guztira 80 bat inguru landaketa berri eginez.
- Altzari berriak: Goteborg estiloko eserlekuak, seinaletika berria eta informazio panelak jarriko dira.
Aurreikusitako inbertsioa eta gauzatze epea
Obraren aurrekontua 124.918,78 eurokoa izango da (BEZ barne), eta lanak 10-12 asteko epean burutzea aurreikusten da, behin kontratua sinatuta, udazkenean zehar.
Ondarea eta etorkizuna
“Etxezarreta parkeak Arrasatek duen altxor ezkutuetako bat izan da urte luzez. Orain, parke hau herritarren erabilerarako berreskuratzeko garaia da, naturarekiko harremana, ondare botanikoa eta aisialdirako gune kalitatezkoa uztartuz”, adierazi du Garazi Etxeberriak, Hirigintza, Trantsizio ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak.