Etxezarreta parkeko lorategia berreskuratzeko obrak hasi ditu Arrasateko Udalak
2026/03/06
Arrasateko Udalak aste honetan hasi ditu Etxezarreta parke historikoa berreskuratzeko lanak, inguruko natura eta ondare botanikoa lehengoratzeko eta aisialdirako gune atsegin eta irisgarri bat sortzeko helburuarekin.
Etxezarreta parkea, Deba ibaiaren meandro batean kokatuta dago eta XIX. mendeko lorategi baten aztarnak dituen espazioa da. Gaur egun, egoera degradatuan dagoen arren, izaera berezia eta zuhaitz erraldoi zaharren bilduma baliotsua gordetzen ditu (sekuoiak, zedroak, haginak, etab.), eta horiek dira proiektuaren ardatz nagusietako bat.
Natura eta irisgarritasuna uztartuz
Proiektuaren esku-hartze nagusiak hauek dira:
- Bi sarbide berriren egokitzapena: San Prudentzio eta Eroski aldeetan, identitate bisuala eta ekologikoa batzen duten 10 metroko akazi enborrez osatutako ateak eraikiko dira. Haien azaletik igoko diren huntzek, biodibertsitatea sustatzeaz gain, irudi berezia sortuko dute denborarekin.
- Lorategi barneko bide sare natural berria, 416 metroko luzerakoa. Garai bateko bide sarea galduta badago ere, puntu batzuetan aztarnak ikusten dira.
- Landarediaren lehengoratzea: berez sortutako begetazioa garbitu eta soropil eta zelaien antolamendu berria ezarriko da. Halaber, zuhaitz eta zuhaixka berriak landatuko dira (koniferoak, astigar japoniarrak, magnoliak, gereziondoak, palmondoak, etab.), guztira 80 bat landaketa berri eginez.
- Landarediaren lehengoratzea: berez sortutako begetazioa garbitu eta soropil eta zelaien antolamendu berria ezarriko da. Halaber, zuhaitz eta zuhaixka berriak landatuko dira, besteak beste altzifreak, ginkgoak, kriptomeria japoniarrak, astigar japoniarrak, magnolia arrosak, Japoniar gereziondoak, Himalaiako palmondoak etabar; guztira 80 landaketa berri inguru eginez.
- Altzari berriak: Egurrezko eserlekuak, seinaletika berria eta informazio panelak jarriko dira.
Inbertsioa eta gauzatze epea
Obraren aurrekontua 114.407,99 eurokoa da (BEZ barne), eta lanek 10-12 asteko iraupena izatea aurreikusten da. Lanak egiten Txukun Lorazantza S.L. ari da.
Ondarea eta etorkizuna
“Etxezarreta parkeak Arrasatek duen altxor ezkutuetako bat izan da urte luzez. Orain, parke hau herritarren erabilerarako berreskuratzeko garaia da, naturarekiko harremana, ondare botanikoa eta aisialdirako kalitatezko gunea uztartuz”, adierazi du Garazi Etxeberriak, Hirigintza, Trantsizio ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak.