Euskara ikasleentzako bekak eta helduen euskalduntzean diharduten euskaltegiak finantzatzeko laguntzak emango ditu Arrasateko Udalak

2020/07/27
Euskara ikasten duten 14 pertsona izango dira onuradunak. Aurtengo diru-laguntza deialdiaren barruan helduen euskalduntze eta alfabetatzearen eremuan diharduten euskaltegiak finantzatzeko diru-laguntza programa ere abian da.

2020an euskara ikasleei bekak emateko diru-laguntza deialdia atera zuen Arrasateko Udalak euskararen erabilera sustatzeko; 14 dira onuradunak. Bestalde, martxan daude helduen artean euskararen zabalkundea sustatzen duten euskaltegiei bideratutako laguntzak ere.

“Udalaren jomuga erraztasunak ematea da arrasatearrei euskara ikasi dezaten, matrikularen ordainketa izan ez dadin oztopo bat euskara ikasteko. Aldi berean, Arrasatera etorri diren haur etorkinei laguntzak ematea (zehazki 5-16 urte arteko adina dutenei), integrazio normalizatuago bat izateko derrigorrezko hezkuntza arautuan”. Udalak adierazi duenez, “Udalak euskararekin duen konpromezua berresten dute laguntza hauek, euskara sustatzea eta erabileraren alde egitea baita helburua”.

Helduen euskalduntzean eta alfabetatzean diharduten euskaltegiei laguntzak

Udalaren aurtengo diru laguntza deialdiaren barruan helduen euskalduntze eta alfabetatzearen eremuan diharduten euskaltegiak finantzatzeko diru laguntza programa dago. Eskaera bakarra egon da: Debagoienako AEK euskaltegia-euskaraz kooperatiba elkartearena.

Honakoak dira diru-laguntza hau emateko deialdian zehazten diren  irizpideak: alde batetik, taldeen ikastorduak hartzen dira kontuan, eta talde ikastorduko gehieneko laguntza 13,50 eurokoa da; guztira, diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa diruz laguntzeko jardueraren aurrekontuaren %50a da.

Arrasateko Udaleko Kultura eta Euskara batzordeak erabaki du Euskaraz kooperatiba elkarteari ematea 21.740,91 euroko diru-laguntza.  %60a aurrerakin gisa emango da, onuradunak laguntza onartu ondoren. Gainerako %40a diru laguntzaren justifikazioa egin ondoren emango da.

Diru-laguntzak honela banatu dira: 21.740,91 € legokioke Debagoienako Euskaraz kooperatiba elkarteari, 2019-2020 ikasturtean 2.147,25 ikastordu eman baitzituen (1.965 ordu ohiko taldeei dagozkie eta 182,25 auto ikaskuntzako ikasleei).