Euskaraldia: asteartean Belarriprestekin bilera irekia

2018/10/15
Card image cap
Asteartean, hilak 16, saioa irekia egingo dugu Euskaraldian Belarriprest izan gura duten guztiekin.. Kajoin elkartuko gara arratsaldeko 18:30ean. Euskaraldia zer den azaltzeaz gain, herritarren ekarpenak eta iritziak jaso nahi ditugu

Euskaraldia Euskal Herri osoan  350 herri baino gehiagotan egingo den ariketa soziala da, 11 egunez euskaraz bizitzea da erronka. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango da. Parte hartzeko izena eman behar da AED-Ekin, BAZen edo www.euskaraldia.eus webgunean. Mahaiak ere jarriko dira hainbat lekutan.

Euskaraldiarekin gure inertziak astindu eta frogatu nahi dugu euskarazko komunikazioa posible dela uste baino gehiagotan.  Era berean, euskara ulertzen duen jendea uste baino gehiago da, eta euskara uste baino gehiagotan erabil dezakegu. Euskaraldiarekin euskara erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak sortu nahi dira, elkarrekin arituta, gure egunerokoan eragiteko.

Parte harteko 16 urte baino gehiago izan behar dira, eta euskaraz ulertu edo hitz egin behar da. Parte hartzeko, bi rol hauetako bat aukeratzea ezinbestekoa da:

Ahobizi: Ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark euskaraz nahiz erdaraz erantzun. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet.

Belarriprest: Nik ulertzen dut euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian, erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.

Bakoitzak zein rol hartu duen adierazteko, txapak banatuko dira. Helburua Hizkuntza ohiturak aldatzea da, eta ohituragatik gazteleraz izaten diren elkarrizketa asko euskaraz izan daitezkeela agerian jartzea.