Frankismoaren krimenak salatzeko jarritako kereila ezeztatu diote Arrasateri

2018/01/09
Irabazik, Baleikek, PSEk, EH Bilduk eta EAJk onartutako oharra. Udalak errekurtsoak jarriz eta gertakariak salatuz jarraituko duela berretsi du eta ez du amore emango diktadura frankistak eragindako giza eskubideen aurkako krimen guztiak ikertu eta epaitu arte

Irailaren 26an Bergarako Auzitegian aurkeztu zuen Arrasatek frankismoaren aurkako kereila Udaleko alderdi politiko guztien babesarekin.

Kereilaren helburua da garaiko gertakariak salatu, horiek ezagutzera eman eta frankismoak eragindako giza eskubideen aurkako krimenak ikertu eta epaitzeko urratsak ematea.

Epaitegiak, ordea, Arrasatek egindako lehen urrats hori ezeztatu du.

Hala eta guztiz ere, Arrasateko Udalak ez du bere helburuan etsiko eta orain arte bezala lanean jarraituko duela adierazi du, errekurtsoak jarriz eta gertakariak salatuz. “Elgetako Udalak aurkeztutako tramitea onartua izan ostean, Arrasaterena ere onartzea espero genuen, baina, tamalez ez da horrela izan. Dena den, ez dugu inola ere amore emango eta guztiok bat eginda lanean jarraituko dugu”, azaldu dute Udaletik.

Frankismoaren garaiko krimenak salatzeko kereila jartzearen erabakia aho batez onartu zen 2017ko martxoaren 7an Arrasateko Udalean egindako osoko bilkuran, modu honetara, 1936ko garaiko gertakarien egia ezagutarazi, ikertu eta epaitzeko. Horretarako, besteak beste, frankismoaren indarkeria (bonbardaketak, fusilamenduak, desjabetzeak…) zuzenean jasan zuten arrasatearren, baita haien senitartekoen salaketak eta testigantzak jaso zituen Udalak.

"Erakunde publiko gisa, Udalaren betebehar nagusia da uneoro herritarren eskubide eta interesak babestea, baita haien eskubideen aldeko aldarrikapenean gure laguntza eskaintzea ere. Gaur egun, bidegabeko gertakari horietatik bat bera ere ez da epaitu, ezta haien erantzuleak ere, horregatik, ezezkoa jasota ere, Udaletik are indartsuago jarraituko dugu lanean guztiok diktadura frankistak eragindako krimen guztiak ikertu eta epaitu daitezen eta biktima oro behar bezala aitortua izan dadin”, amaitu dute Udaletik.