Gabonetako argiak pizteko ekitaldi parte-hartzailea egingo da eguenean Herriko Plazan
2025/12/01
Arrasateko Udalak Gabonetako argiak pizteko ekitaldi berezia antolatu du aurten, haur eta familiei protagonismoa emanez. Abenduaren 4an, eguenean, 17:00etatik aurrera Herriko Plaza izango da festarako eta dibertitzeko gunea. Udalak herritarrak gonbidatu ditu elkarrekin gozatzera eta ekitaldian aktiboki parte hartzera.
Aurtengo berrikuntza nagusia da haur eta familien parte hartzearekin egingo dela argien piztea, iluntzea kolore eta emozioz betetzeko asmoz. Arratsalde osoan zehar Txatxilipurdik dinamizatutako hainbat jarduera izango dira, guztiek festa giroa eta herritarren elkarlana sustatzeko helburuarekin.
Haur eta familientzako egitaraua
17:00etatik aurrera, ekintzaz beteta izango da Herriko Plaza etxeko txikienentzat. Apaingarrien tailerrak, kalejira musikatuak, abesbatzak eta argiak pizteko ekitaldi parte hartzailea. Izan ere, herriko haurren parte hartzearen bitartez piztuko dituzte argiak aurten. Txatxilipurdi elkarteaz gain, ekimen honetan parte hartuko dute Trikitixa eskolako ikasleek, herriko haur eta gazte abesbatzek, eta musika eskoletako haurrek.
Honako hau izango da egitaraua:
- 17:00 – 18:30: Txatxilipurdiren eskutik apaingarri tailerra.
- 18:30: Kalejira Trikitilariekin.
- 18:45: Gabonetako argien piztearen ekitaldia.
“Herritar guztiak animatzen ditugu Herriko Plazan elkartzera eta neguko jaiei hasiera partekatu eta berezi bat ospatzera. Ez galdu!”
Jaien egitarau osoa bihartik aurrera
Halaber, Udalak jakinarazi du bihartik aurrera ezagutzera emango duela jai egun hauetarako dozenaka eragilek antolatu dituzten hamaika ekitaldi. “70 ekimen kulturaletik gora egongo dira abendu eta urtarrila artean, herriko eragileen lanari esker”.