Uribarriko ibilgailuen garbitokian ur kontsumoak beherantz jarraitzen du bigarren urtez erreskadan

2022/03/01
2020az geroztik, Arrasaten erroldatutako pertsonek bakarrik erabili dezakete garbitokia

2020an jaitsiera nabarmena izan zuen ur kontsumoak Uribarriko ibilgailuen garbitokian: % 522,3 egin zuen behera 2019arekin alderatuz (304.000 litro). 2021ean ere joera hori mantendu egin da: 434.000 litro erabili dira guztira. 2010-2019 epealdiarekin alderatuta ur kontsumoan % 80,77 aurreztu da.

Arrasateko Udalak 2019ko abenduan neurri batzuk hartu zituen ur kontsumoa mugatzeko: 2018an, esaterako, 2.151.000 litro ur kontsumitu ziren eta 2017an 2.054.000 litro. Ur gehien kontsumitu zen 2012an, 2.879.000 litro.

2019ko abendura arte, Uribarriko ibilgailuen garbitokia irekia zen, guztira 7 mangera zeuden bertan ibilgailua garbitzeko, eta ez zegoen ur kontsumoaren gaineko inolako neurririk. Horrek eragiten zuen uraren kontsumo neurrigabean, eta batez beste kontsumoa zen urtero 2.000.000 litro ur.

Hori horrela izanik, jasangarritasunaren alde, Arrasateko Udalak hainbat egokitzapen egin zituen bertan: sistema bat jarri zuen martxan ur kontsumoa neurtu eta erregulatzeko. Sistema hori erabili ahal izateko, ezinbestekoa da Arrasaten erroldatuta egotea eta Mankomunitatearen txartela edukitzea, hau da, organikoaren eta errefusaren edukiontzia zabaltzeko txartela.

Era berean, erabiltzaile bakoitzak hileko litro kopuru mugatua du ibilgailua garbitzeko, hain zuzen 2.500 litro. Kotxea garbitzeko erabili ohi den batez besteko ur kopurua 500 litrokoa da (INEren datuen arabera); beraz, erabiltzaile bakoitzak hilero 5 bider garbituko ahal izango luke autoa kopurua horrekin.

Neurri berri horren bitartez, Arrasateko Udalak garbitokiaren erabilera eta ur kontsumoa neurtu gura izan ditu, jasangarritasunaren eta ingurumenaren mesedetan, eta erantzukizunez jokatu.

Argazkia: Goiena