Ezezagunek Makatzenako haur parkea erre dute bart gauean, eta Udaltzaingoak herritarren laguntza eskatu du kasua ikertzeko
2026/01/04
Gaur gauean hainbat erreketa izan dira Arrasaten, esanguratsuena Makatzenako haur parkearen estalpea. Kalteak oso larriak dira, eta, ondorioz, ezingo da haur parkea erabili. Izan ere, estalpearen egituraren azterketa egin beharko dute teknikariek, egurrezko egitura du eta suteak kaltetuta utzi izana azpimarratu dute.
Ondorioz, gunea konpontzeko lanak ezingo dira epe motzean egin, baina Udalak bere esku dagoen dena egingo duela jakinarazi du, “posible den heinean, ahal bezain laster konpondu dadin”.
Udalaren salaketa eta herritarren kolaborazio eskaera
Suteak kalte materialak sortu baditu ere, ez da kalte pertsonalik izan, eta ondorioz Udalak eskerrak eman dizkie Udaltzaingoari eta Suhiltzaileei beraien lan azkarragatik. “Gogor salatzen dugu ekintza piromano hauek, eta Udaltzaingoak abian jarri du ikerketa egileak identifikatzeko. Ekintza honen ondorioak oso larriak dira” adierazi dute Udaletik.
Zentzu horretan, ikerketa horren ondorioz, gertatutakoa argitzen laguntzeko herritarren laguntza eskatu du Udaltzaingoak, gertatutakoaren lekuko izan zirenek egileak identifikatzen laguntzeko. Norbaitek adierazitakoen inguruko informazioa izango balu, jarri harremanetan Udaltzaingoarekin 943 25 20 10 telefonoan.