Gazteentzako alokairuetan dirulaguntzak

2020/07/22
Card image cap
Udalak dagoeneko 57.443,88 euroko inbertsioa burutu du Arrasateko 36 gazteentzat etxebizitza alokairua ordaintzen laguntzeko. Diru-laguntzaren helburua da Arrasateko 18-35 urte bitarteko gazteei etxebizitza alokairua ordaintzen laguntzea, emantzipazio bidean laguntzeko eta etxebizitza alokairua sustatzeko. Azaroaren 30a arte aukera dago laguntza hauetan eskaera egiteko.

Arrasateko 18 eta 35 urte bitarteko gazteei alokairua ordaintzen laguntzeko diru-laguntza eskaera egiteko epea zabalik dago azaroaren 30a arte, eta 40 eskaera egon dira dagoeneko, horietatik 4 ukatuak izan dira baldintzak ez betetzeagatik. Diru-laguntza hauen helburua da udalerriko gazteei emantzipazioa erraztea eta bide horretan laguntzea, eta etxebizitza alokairua sustatzea.

2017an hasi zen Arrasateko Udala laguntza hauek jartzen herritarren eskura. Urtero 45-55 eskaera artean egon dira ordutik, 2018an gehienak. Aurtengo laguntzarako 60.000 euroko aurrekontutik 57.443,88 euroko inbertsioa burutu du Udalak dagoeneko.

Aurtengo eskatzaileen artean, aurreko urteetan diru-laguntza eskatu izan dutenak dira gehiengoa: 22. 14, berriz, berriak. Emakumezkoak 20 dira eta gizonezkoak 16. Eskera motaren arabera, norbanakoak %80a dira, 29; bizikidetza unitateak, aldean, 7. Adinari erreparatuz, 26 eta 30 urte artekoak dira gehien, %66; 18-25 artekoak %11 eta 31 eta 25 artekoak %23. 

Eskatzaileek bete beharreko baldintzak

Diru-laguntza eskatzaileek 18 eta 35 urte bitarteko adina izateaz gain, Arrasaten erroldatuta egon behar dute azken 4 urteetan etenik gabe, edo etenekin gutxienez 10 urtetan. Ezin dute etxebizitzaren jabetzarik izan (ez eskatzaileak ezta bizikidetza unitateko kideetako inork). Alokatutako etxebizitzan bizi diren pertsona guztiak bertan erroldatu behar dira, eta honakoak izan daitezke eskatzailearen diru sarrerak gehienez: 28.000 euro gordin urtean eskatzailea norbanakoa bada, eta 40.000 euro gordin urtean eskatzailea bizikidetza unitate bat bada. Etxebizitza partekatzen duten gazte guztiak izan daitezke onuradun, denek sinatzen badute alokairu kontratua eta baldintzak betetzen badituzte. Onuradun guztiek egunera izan behar dute Arrasateko Udaleko zerga, tasa eta zehapenen ordainketa. Diru sarrerei dagokienez, ezin izango da urtean 600 eurotik gorakoa izan kapital errentetatik eratorritako errendimendu gordinen zenbatekoa. Azkenik, ezin izango da familia loturarik izan onuradunen eta errentatzailearen artean.

12 hilabeteko kontratua gutxienez eta hileko 600 euroko prezioa gehienez

Kontratuari dagokionez, alokairu kontratuak gutxienez 12 hilabeteko iraupena izan beharko du eta etxebizitza alokairuaren prezioa gehienez hileko 600 eurokoa izango da, eranskinak barne. Alokairutik edo diruz lagundu daitekeen kontzeptutik kanpo geldituko dira garaje, komunitate eta administrazioko gastuei dagozkienak, eta alokairuko hileko kuotatik 30 euroko zenbateko finko bat kenduko da gastu horiengatik, alokairu kontratuan sartuta badaude eta ez bada aurkezten horietako bakoitzaren hileko kostuaren berariazko justifikaziorik.

Informazio gehiago nahi izanez gero, BAZera bertaratu, baz@arrasate.eus -era idatzi edo 943 252 000 telefonora deitu.