Gobernu-planaren %70a martxan dago eta herritarrek bide-orriaren jarraipen zehatza egin ahal izango dute: “ate berriak zabalduz jarraitzen dugu”
2026/07/10
Arrasateko Udal Gobernuak agintaldiko bigarren balantze eguneratua aurkeztu du gaur. Ekainaren 17an bete ziren 3 urte gobernu berria eratu zenetik, eta ordutik “Arrasatek etorkizunera begiratzeko oinarri sendoak” jarri dituela adierazi du udal gobernuak. “Oinarri sendoak jarri ditugu etorkizuneko Arrasateri ate berriak zabaltzeko, eta, emaitza batzuk ikusten hasi bagara ere, datozen hilabeteetan egindako lanaren fruituak nabarmen azaleratuko dira”.
Gobernu Planaren betetze maila erritmo onean doala baieztatu dute, izan ere, 2025eko ekaineko datuak oinarri hartuta, 2026ko ekaineko egoerak erakusten du etengabeko lana izan duela gobernuak, eta hartutako konpromisoak betetzen ari direla. Guztira, gobernu-planean jasotako proiektuen %70,16 dagoeneko egikaritze fasean edo amaituta daude. Kontsultatu hemen Gobernu Planaren taula osoa.
Datuen bilakaera: “emandako hitza betetzen ari gara”
Datuok kudeaketaren bilakaera positiboa berresten dute. Urtebetean, amaitutako proiektuak %22,5etik %44,35era igaro dira, hau da, bikoiztu egin da burututako egitasmoen kopurua.

Bestalde, analisi fasean dauden proiektuak nabarmen gutxitu dira, gobernuak ideiak ekintza bihurtzeko duen gaitasuna islatuz. "Politikagintza berri bat egiteko mandatua jaso genuen, eta 2026ko datuek erakusten dute bide-orria betetzen ari garela. Herrigintza, herritarrak eta Arrasate dira, eta izango dira, gure lehentasuna", adierazi du gobernu taldeak.
Gardentasunari bultzada berria: azalpenak proiektuz proiektu
Aurtengo balantzearen berrikuntza nagusia herritarrekiko gardentasunean oinarritu da. Datu estatistikoez gain, proiektu bakoitzaren alboan azalpen zehatz bat txertatu da. Honela, herritarrek modu publikoan jakin ahal izango dute zein den proiektu bakoitzaren egoera erreala, zer egin den orain arte eta zeintzuk diren hurrengo urratsak. Ariketa hau herritarrekin aurrez aurre burutu zen maiatzean bi bilera irekietan, eta, orain, publikoki argitaratu dute webgunean “herritar ororen eskura egon dadin”.
Adibidez, balantze berriak jasotzen ditu Iturripeko kiroldegi berriaren obrak udazkenean zehar egikaritzea aurreikusten dela, etortzear dauden bidegorri berriak, herritarrek udal ordezkari politikoekin hitzorduak eskatzeko bide zuzena izango dutela webgune berrian datozen hilabeteetan, edota udazkenean martxan izango diren parte hartze prozesu ezberdinen berri ematen da.
Herritarren arteko komunitatea sendotzeko apustua
Politika sozialetan eta herri nortasuna sendotzeko ekinbide ugari nabarmendu ditu Udal gobernuak. “Udal Gobernuak agintaldi hasieran hartutako erronkari erantzuten diote ekimen horiek: Arrasaten komunitate pertenentzia indartzea eta aukera berdintasuna bermatzea. Lan eta politika horiek epe luzeko begiradarekin eginak dira, obrak bezainbeste ikusgarritasun lortzen ez dutenak, baina, finean, Arrasateko bizi kalitatea nabarmen hobetzen dutenak dira. Herri kohesioan eta bizikidetzan irabazteko apustu sendoa” azaldu dute. Honako ekintza eta neurri politikoak nabarmendu dituzte:
- Herri nortasuna indartzea eta komunitate pertenentzia sendotzea helburu duten ekintzak:
- Aniztasun planaren garapenean, erroldatu berriei ongi etorri ekitaldia berreskuratu da, herriko aniztasuna indartzeko eta heldu berriek Arrasateko ehun soziala ezagutu dezaten.
- Auzoetako komunitateak indartzeko auzoko jaiak sustatzeko ekintzak egon dira, jai batzordeak indartuz. Gainera, proiektu pilotu bezala, San Andres auzoko historia eta jatorria batzen duen mural margoketa burutu da auzoko jai batzordearekin elkarlanean.
- San Juan jaietan jaio berriei ongi etorria emateko ekitaldia antolatu da lehendabizikoz, gaurko eta biharko herritarrak batu eta sarea sendotzeko.
- Herri marka berria aurkeztu zen duela urtebete, arrasatearren nortasun ekintzailea islatzen duen irudi berria.
- Arrasatear guztion aukera berdintasuna bermatzeko politika sozialak:
- Etxebizitzaren arazoari erantzuteko ekintza plana definitu eta garatzen hasi da Udala. Arrasate bizitegi eremu tentsionatu izendatu da, eta horrek ahalbidetuko du ekintza plana garatzea. Eusko Jaurlaritzarekin elkarlan zubiak eraiki dira etxebizitza babestuak eraikitzeko San Andres auzoan eta Udalak erostea erabaki duen La Merced eraikinean.
- Zerga progresiboak ezartzeko lehen urratsa eman da, gutxien duenak gutxiago ordaindu dezan; errenta mailaren arabera hobariak ezarriz.
- Arrasateko Ongizate Emozionaleko diagnosiaren ondoren, ekintza plana lantzen ari dira eragile eta adituak.
- Debagoiena Ehunduz proiektua martxan jarri dute eskualdeko udalek elkarlanean. Bakardadearen aurrean tresna kolektibo berriak sortuz.
- Hezkuntza eredu duina eta segregaziorik gabea
- Udal Hezkuntza Kontseilua sortu da, hezkuntza eragileak eta Udalak elkarlanean hezkuntzaren erronkei elkarlanean erantzuteko.
- Herri Eskoletako udal eraikinetan hobekuntza lanak egin dira:
- Bedoñabeko eta Erguineko patioak berdeztatu eta humanizatu dira, helburu pedagogikoak sustatzeko.
- Erguineko eraikinean teilatua erabat berritu da, arazo estrukturalak konponduz.
- Berdintasun osoa, genero arrakalak ezabatzeko
- Etxe Feminista berria tren geltokian kokatuko da. Babestutako eraikina denez, aurreproiektua idazten ari dira, ondoren Gipuzkoako Foru Aldundiari aurkeztu eta oniritzia emateko.
- Zain Sare proiektu pilotuan parte hartu du Udalak, zaintzaileen lan baldintza duinak bermatzeko eta zaintza beharrak dituzten familiak aholkatzeko.
- Sormen Beka Feminista berriaren lehen edizioa deitu da, sormena berdintasunetik sortzeko.
- LGTBIQ+ lan ildoaren ekintza plana definitu eta exekutatzen hasi da.
- Herri aktibo eta ekintzailea sustatzeko politikak
- Komertzio txikiak sustatzeko Gabonetako kanpainak burutu dira, eta takila adimenduen zerbitzu berria sartu da indarrean.
- KARANKETAN - Arrasateko Elikadura Mahaia sortu da, lehen sektorea eta elikadura burujabetza sustatzeko asmoz.
- Parte hartze dinamika ugari jarri dira martxan, herritarren ahalduntzea eta erabakitzeko eskubidea sustatzeko:
- Ordenantza berriak herritarrekin batera definitzea, Mugikortasun Jasangarrirako Planaren idazketa edota autobus geltokiaren galdeketa, besteak beste.
- Elkarlan zubiak eraiki dira herriko eragile, auzotar edota norbanakoekin, herri-proiektu ezberdinak aurrera ateratzeko.
- ArrasatenTril agenda bateratua jarri da martxan. Udaleko zein herriko kultur eragileen ekintza eta agendak leku bakarrean jarraitu ahal izateko.
Hirigintza eta azpiegituretan jauzi berria, herri bizigarria egiteko
- Arreta zerbitzu publikoan hobekuntzak:
- BAZ berritzeko lanak martxan daude, gertuko arreta eta gobernantza eredua ezartzeko.
- Gazte eta nerabeei zuzendutako azpiegitura duinak egokitu
- Musakolako Gaztetxoko berria egin da.
- San Andreseko Gaztetxokoa eraberritu da (irailean irekiko da).
- Espazio berde berriak
- Azpiegitura berdeen analisi eta ekintza plaza burutu da, aurrerantzean Arrasate berdeztatzeko bide-orria izango den dokumentua.
- Etxezarreta parkea berritu eta herritarren eskura jarri da, aisialdirako gune berde berri bat irabaziz.
- Herriko ondare historikoa zaindu eta berreskuratu
- San Frantzisko eliza erosi du Udalak.
- Portaloiko atea berritu du.
- Auzoak berritu, modernizatu eta bizigarriagoak egiteko obrak
- Altamirako Jose Luis Iñarra kalea berritu da.
- Santa Marinako berrurbanizazioa amaitzear da.
- San Juan auzuneko berrurbanizazioa aurten abiatuko da.
- Gorostizako igogailuen proiektua idazten ari dira, eta datozen hilabeteetan amaitzea aurreikusten da.
- Kirol azpiegitura duinak:
- Iturripe berria esleipen prozesuan dago, eta udazkenean hasiko dira lanekin.
- “Garbi2zi” zerbitzua jarri da martxan, bizikleta garbitzeko gune berriak.
Gobernu planaz harago ere, herri proiektu berriak martxan
Gobernu Planaren bide-orriaren betetze maila bide onean doala azaltzeaz gain, gobernuak nabarmendu du “hainbat eragile eta auzo elkarteekin burututako elkarrizketa eta elkarlanari esker Gobernu Planaz haragoko hamaika proiektu txiki eta handiak burutu dituztela. Horietako batzuk nabarmendu dituzte: San Frantzisko eliza erostea, migranteen erregularizazio prozesuan laguntza eta formazioa ematea, Sormen Beka Feministaren lehen deialdia burutzea edota auzoetako egoerak hobetzeko obra eta mantentze txikiagoak egitea. “Garrantzitsua da herritarrak entzun eta denon artean Arrasaterentzat ona dena aurrera ateratzea. Sinistuta gaude elkarlana dela herri honen motorra, eta horretan jarraituko dugu” azaldu du udal gobernuak.
Debagoieneko Mankomunitatean ere aro berri bati ekin diote
Debagoieneko Mankomunitateak aro berri bati ekin dio gobernantza eredu eta irudi korporatibo berrituarekin. Eskualdeko gobernantza eredua eraldatzeko apustua egin dute Udal guztiek, lankidetza publiko-komunitarioa eta gertutasuna ardatz hartuta. Irailetik aurrera eredu berria martxan jarriko da. Aro berri honi ekiteko irudi korporatibo berria aurkeztu du Mankomunitateak, “Herriz herri. Aurrez aurre” lelopean, eta eskualdearen nortasuna biltzen duten elementu grafikoak jasoz.