Gorostizako igogailuak: errealitate izatetik gertuago
2025/05/07
Gorostiza auzoan mugikortasun bertikaleko igogailu sistema publiko bat gauzatzeko proiektuaren oinarri teknikoak onartu berri ditu Udalak. Modu horretan, indarrean dagoen Udal Irisgarritasun Planak zein Udalbatzak berriki onartu duen Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planak jasotzen duen proposamena egikaritzen ari da Udala, hau da, Gorostiza auzoaren irisgarritasuna hobetzeko hiri-igogailuak ezartzearen beharra.
“Onartu berri ditugun oinarri teknikoak igogailuak egiteko lehen urratsa besterik ez da, baina oso urrats garrantzitsua da. Izan ere, proiektu tekniko honek zehaztuko ditu igogailuen kokapen, bideragarritasun eta inbertsio kopurua. Proiektu honi esker lizitatu ahal izango baita eraikuntzarako beharrezkoak diren lanak” azaldu du Maider Morras alkateak.
Gorostiza auzoa irisgarri egiteko igogailu sistema
Proiektu honek Gorostiza auzoko barne irisgarritasuna bermatuko du, eta, ondorioz, irisgarritasun bertikala bermatuko da erdigune eta maldaren beheko kaleekin. Horretarako, igogailu berriak, gaur egun martxan dagoen Bizkaia etorbidea eta Larragain kaleak konektatzen dituen igogailuaren jarraipena izatea aurreikusten dute oinarri teknikoek.
Ondorioz, igogailu berrien kokapena “auzoaren ekialdean antolatzea gomendatzen dute plegu teknikoek Gorostiza eta erdialdearen arteko ibilbide bertikalak kateatuak izan ahal izateko” azaldu du Kepa Urteagak, Auzoak eta Obra, Zerbitzu eta Mantentze zinegotziak. Dena den, gaineratu du, “proiektua idazteko lehen fasean, aldez aurreko azterketa-lanen barruan, bost kaleetako irisgarritasuna konpontzeko alternatibak aztertu beharko dira, ikuspegi funtzional, sozial, ingurumeneko eta ekonomikotik, horien artean egokiena aukeratu ahal izateko. Beraz, izan daiteke proiektuak kokapen ezberdin bat proposatzea”.
Proiektua hiru fasetan eta urte amaierarako idatzita
Proiektuaren erredakzioa orain aterako da lehiaketara, eta epeak betez gero, 2026ko lehen hilabeteetan proiektua idatzia egon beharko luke. Proiektuaren erredakzioak honako fase hauek izango ditu:
- fasea: Pleguak lehiaketara atera eta kontratuaren esleipena
Proiektua idazteko abiapuntua da honako hau, gaur prentsaurrean aurkezten dena. Oinarri teknikoak adostuta, lehiaketara ateratzen dena proiektua nork idatziko duen argitzeko. Prozesu honek berme juridiko guztiak gainditu behar ditu, eta, ondorioz, 3 hilabetez luzatu daiteke prozesua.
- fasea: Aurretiazko azterketak eta kokapen posibleen analisia.
Igogailu-sistema ezartzeko hainbat aukera garatuko dituen "Kokapenen azterketa" bat egingo da. Hainbat kokapen, konposizio, obra osagarri eta konponbide teknologiko landu beharko dira fase honetan. Fase honek hilabeteko iraupena izatea aurreikusten du.
- fasea: Aurreproiektua
Egokitasunaren arabera aukeratzen den alternatibaren oinarrian, igogailu sistemaren aurreproiektua idatziko da. Honek proiektuaren nondik norakoak jasoko ditu. Fase honek hilabeteko iraupena izatea aurreikusten du.
- fasea: Egikaritze-Proiektua
Proiektuaren exekuzio zehaztapen guztiak jasoko ditu dokumentu honek. Zuzenean, obra adjudikazioa bideratu ahal izateko. Fase honek 2 hilabetetako iraupena izatea aurreikusten du.
Auzotarrekin elkarlanean
Oinarri teknikoen erredakzioa auzotarrekin egin dela jakinarazi dute Udal ordezkariek. “Auzotarren iritzia entzun nahi izan dugu oinarri tekniko hauek definitzeko. Izan ere, pasa den udan, auzotarrekin kalez kaleko aukerak aztertzen izan ginen Udal ordezkari eta hirigintza teknikari burua” azaldu du Morrasek.
Aurretiazko lanketa horrez gain, oinarri teknikoek ere jasotzen dute proiektuaren dokumentazioa “ulerterraza” izan behar dela, “udalaren asmoa baita auzotarrekin partekatzea proiektua idazteko faseetako dokumentazioa”.
Plegu teknikoak ostegun honetan Tokiko Gobernu Batzordean onartuko dira 33.000 euroko (bez gabe) aurrekontuarekin. Eta, dena ondo bidean, 2026an eraikuntza obrak esleitzea aurreikusten du Gobernuak.