Hainbat ekintza Arrasaten, azaroaren 25aren harira

Emakumeen* Kontrako Indarkeriaren Aurkako egunari begira, Arrasateko Emakume Txokoak, Mugimendu Feministarekin elkarlanean, egitarau berezia antolatu du “Nik sinisketan dotzut, eta punto” lelopean

Aurten ere, Emakumeen* Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko egunean, Arrasaten antolatu diren ekintzek oinarri izango dute emakumeek pairatzen dituzten egoeren inguruan herritarren kontzientziazio eta sentsibilizazio areagotzea.

Arrasateko Emakume Txokoak egitarau berezia antolatu du azaroaren 25aren harira, Mugimendu Feministarekin elkarlanean, “Nik sinisketan dotzut, eta punto” lelopean. Leloak helburu du ahotsa ematea emakumeen kontakizunei, zalantzan jarriak, eta isildutako bizipenei.

Antolatutako ekintzen bidez sustatu gura dira indarkeria matxistaren aurrean konpromiso kolektiboa eta indibiduala. Alde batetik, azaroaren 25ean 19:00etan Seber Altube plazan elkarretaratzea eta ekitaldia egingo dira, eta antolatzaileek dei egiten diete arrasatear guztiei parte hartu dezaten.

Bestetik, abenduaren 2an, 19:00etan Kulturateko klaustroan “Nik sinisten dizut” irakurraldi kolektiboa egingo da, emakumeen aurkako indarkeria eta biolentzia mota guztiak ikusarazteko eta emakumeen bizipenak aitortzeko, eta erreparaziorako bidean jarraitzeko.