Hamar urte, Arrasateko memoria berreskuratzen eta zauriak aitortzen

2026/11/10
Azaroaren 10ean ospatzen den Memoriaren Egunaren harira, Udalak hamar urteko ibilbidea gogoratu du, memoria eta bizikidetza elkarlanean eta adostasunez lantzeko hartutako konpromisoa berretsiz.
Hamar urte, Arrasateko memoria berreskuratzen eta zauriak aitortzen

2016ko irailean eratu zen Arrasateko Udaleko Memoria eta Bizikidetza Mahaia, udal ordezkaritza zuten alderdi politiko guztien parte-hartzearekin, herrian gertatutako giza eskubideen urraketak eta eragindako sufrimenduak berreskuratu, aitortu eta biktimen erreparazioan aurrera egiteko helburuarekin.

Hasieratik, memoria ikuspegi zabal eta inklusibo batetik lantzearen aldeko apustua egin zen, sufrimendu guztiak aintzat hartuz eta iraganari begiratzeko oinarri partekatuak eraikiz. Horretarako, ezinbestekotzat jo zen alderdi politiko guztien arteko elkarlana eta adostasuna.

Hamar urte hauetan, udal hauteskundeek eta gobernu-aldaketek ez dute hasierako konpromisoa eten. Hainbat legealditan zehar, memoria berreskuratzeko eta biktimak aitortzeko lanean jarraitu da, elkarrizketaren eta adostasunaren bidetik.

Ibilbide horretako mugarri nagusietako bat Intxorta 1937 elkarteak eta Argituzek egindako ikerketa-lanak izan dira. Lehenak, ikuspegi historikotik, 1936tik 1956ra bitartean altxamendu militarrak eta frankismoak Arrasateko emakume eta gizonengan izandako eragina jaso zuen. Bigarrenak, giza eskubideen ikuspegitik, 1956tik 2018ra bitartean udalerrian izandako urraketak eta Arrasateko herritarrek udalerritik kanpo pairatutakoak dokumentatu zituen. Bi lanak Memoria partekatu baterantz izenburupean argitaratu ziren, eta funtsezko oinarria dira herriko memoria berreskuratzen jarraitzeko.

Ikerketa-lanez gain, Udalak sei aitortza-ekitaldi instituzional antolatu ditu 2018tik hona, biktimak eta haien senideak aitortzeko eta erreparazio-bidean laguntzeko. Beste hainbat ekimen eta jarduera ere egin dira, herriko iragan hurbila ezagutarazteko eta urte luzez isilduta edo baztertuta geratu diren sufrimenduak ikusgarri egiteko.

Memoriaren Eguneko ekitaldian Bizikidetza Batzordeko kideek eta Maider Morras alkateak parte hartu dute. Ekitaldiaren amaieran, lore-eskaintza sinbolikoa egin da Jose Maria Arizmendiarrieta plazan dauden Gerra Zibileko biktimen monolitoetan.

Hamar urteko ibilbideak erakutsi du memoria berreskuratzea eta biktima guztien aitortza ez direla amaitutako lanak. Oraindik badago zer entzun, zer ikertu eta zer aitortu. Horregatik, Arrasateko Udaleko Bizikidetza Batzordea osatzen duten alderdiek memoria eta bizikidetza elkarlanean eta adostasunez lantzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, gertatutakoa ahanzturan gera ez dadin eta etorkizunean indarkeria errepika ez dadin.