Harvey Hang nazioarteko argazkilariaren bisita jasoko du Arrasatek

2019/05/29
Card image cap
Datorren hilaren 5ean, Wang-ek ekoiztutako “From darkroom to daylight” dokumentala aurkeztuko da, arratsaldeko 19:00etan Kulturateko areto nagusian; filmak argazkilaritza analogikotik digitalera bizitako trantsizio zein aldaketa ditu hizpide

Datorren asteazkenean, hilak 5, Arrasatek Harvey Wang nazioarteko argazkilari famatuaren bisita jasoko du. Wang-ek “From darkroom to dayligth” berak ekoiztutako dokumentala aurkeztuko du jendaurrean.

Aipatu filmak, argazkilaritza analogikotik digitalera bizitako trantsizioa du gai ardatz gisa eta argazkilari amerikar ezagunen testigantzen bitartez, ikusleak argazkilaritza mundura erakarri eta aipatu aldaketak horien lanean izan duen eraginaren inguruan hausnartzera bideratzen ditu.

Aipatu ekimena PhotoGune Espacio-k antolatzen du beste hainbat udalerrien babesarekin eta Arrasateko Udalak, herriko Artgazki argazkilari taldearekin ekimenaren inguruan hitz egin eta informazioa partekatu ostean, ekimenarekin bat egin du, interesgarritzat jotzen baitu orain arte gizarteak bizi duen aldaketa teknologiko handienetarikoa jasotzen duen filma ikusteko aukera herritarrei zabaltzea.

Horiek horrela, dokumentala Kulturateko areto nagusian eskainiko da, ekainaren 5ean, arratsaldeko 19:00an. Amaitu ostean, Wang bera egongo da ikusleei ekoizpenaren inguruko azalpenak zein xehetasunak kontatzen eta analogikotik-digitalera bizitako esperientzia pertsonalaz ere mintzatuko da.

From darkroom to daylight

Harvey Wang argazkilari eta errealizadoreak 40 urte baino gehiago daramatza argazkilari gisa eta 25 baino gehiago zinemagile bezala. 6 liburu idatzi eta hainbat sari irabazi ditu eta horrez gain, jatorri eta estatus desberdineko amerikarrei egin dizkien argazki bildumak beti izan dira deigarriak. Baina horretaz haratago, Wang gaur egun ezagunagoa da ziurrenik 80ko hamarkadan New York-en desagertzeko arriskuan zeuden artisauen lanen inguruan eginiko argazki bildumengatik. Sal Dolnick The N.Y Times-eko kazetariak “el bardo del viejo N.Y.” gisa izendatu zuen Wang, hain zuzen ere, aipatu lan horiengatik.

Wang-en lanaren gehiengoak aldaketa izan du hizpide – esaterako, hainbat ogibide, auzo edota bizimoduen desagertzea jaso ditu-. Aro digitalaren etorrerarekin, ordea,  berak ere izugarrizko aldaketa bizitu zuen eta horrek, noski, eragin sakona izan zuen arlo pertsonalean eta baita azken 20 urteetan mundua ikusteko zuen moduan ere. 

2000. urtean hasi zen Wang argazkilaritza digitalean lehen pausoak ematen baina ez zegoen guztiz eroso lan metodologia berriarekin. Eta, hain zuzen, deserosotasun horrek eraman zuen aldaketa horren inguruan hausnarketa egitera: Nola zeramaten trantsizio hori berak bezala ibilbide profesional guztia analogikoarekin egin zuten gainerako argazkilariek? Zer iritzi zuten aro digitalaren inguruan? Horiek horrela, argazkilari eta errealizadore gisa zuen esperientziaz baliatuta, galdera horiei erantzuna emateko bideari ekin zion eta horren emaitza da, hain zuzen, “From darkroom to daylight” liburu zein dokumentala, argazkilaritza analogikotik digitalera bizitako trantsizioak argazkilariengan izandako eragina jasotzen dituen filma, alegia. Yale unibertsitateko irakasle den Alan Trachtenberg-en hitzetan: “elkarrizketa eta esperientzia pertsonalak jasotzen dituen lan honek, H.Wang-en argazkiekin uztartuta, egungo argazkilariek modu batera edo bestera lan egiteko dituzten arrazoiak eta zergatia azaltzen ditu”.

Horiek horrela, H.Wang-ek argazkilaritza munduan aski ezagunak eta garrantzitsuak diren 20 lagun baino gehiago elkarrizketatzen ditu, horien artean, Jerome Liebling, George Tice, David Goldblatt, Sally Man, Jeff Jacobson eta Steven Sasson. Azken horrek sortu zuen, hain zuzen, lehen argazki kamara digitala Kodak enpresan. Thomas Knoll, Photoshop-aren egilea ere elkarrizketatzen du. “From darkroom to daylight” lanak, halaber, argazkilaritza munduaren inguruko historia eta eboluzioa jasotzen ditu.

“From darkroom to daylight” lanak, hainbat argazkilarien esperientzia jasotzen du:  

Steven Sassoon-ek, kamara digitalaren sortzaileak, alegia, oraindik gogoan du nola ateratzen zituen lehen argazki digitalak 70ko hamarkadan. Berak kontatzen duenaren arabera, Kodak-en gazte bati argazki bat atera zion eta distortsionatuta zegoen arren, bera izugarri kontentu zegoen emaitzarekin: “ezer ez ateratzeko aukerak oso altuak ziren”.

Thomas Knollek, Photoshop-eko sortzaileetako bat, onartu du Photoshop sortu zuela “dibertigarria zelako irudiak ordenagailu bitartez moldatzea”. Gaur egun harrituta dago aplikazio horren bitartez egin daitezkeen gauza mordoekin eta arro dago Pothoshop hitza hitz ofizial gisa onartuta dagoelako ingelesez.

Argazkilaritza munduan gertatutako aldaketa hori gizarteak bizitako aldaketa handienetarikoa da eta eragin zuzena izan du gure bizitzan, ez soilik argazkiak ateratzeko orduan, baita erosteko, lan egiteko, jolasteko edota komunikatzeko moduan ere. Aro digitala baino lehenago bizi izan garenontzat, aldaketa hauek sarritan zirraragarriak izan daitezke, baina beste batzuetan, aldiz, baita frustragarriak ere, gauzak egiteko modu berrietara egokitzeak suposatzen digun erronkagatik.

H. WANG-en biografia

Harvey Wang-ek  artea eta antropologia ikasi zituen Nueva York-eko unibertsitateko Purchase College-en. 6 argazki liburu argitaratu ditu, horien artean: “Harvey Wang’s Ney York” (1990) eta “Flophouse: Life in the Bowery” (20009) David Isay-egilearekin elkarlanean, “Holding on Dreamers, Visionaries, Excentrics and Other  American Heroes” (1995). Bere lanak museo ezberdinetan egon dira ikusgai, hala nola, Washingtong D.C-ko Smithsonian Institutuko Nacional Museum of America, The N.Y. Historical Society eta Museum of the City of N.Y.  Zinemagile gisa ere sariak jaso ditu eta bere lanak nazioarteko zinema jaialdietan aurkeztuak izan dira.

2003an Tribeca-ko Zinema- Jaialdian dokumental onenaren saria irabazi zuen “Milton Rogovin: The forgotten ones” lanarekin eta bere lehen filmak, “The last New Yorker (2007) ikusle asko izan zituen. Horrez gain, dokumental egile gisa maiz egin du lan telebistan.

“From darkroom to Daylight” liburuarekin batera, filma Hegoamerikatako argazkilaritza jaialdietan dago ikusgai.

Bere argazkilari gustukoenak dira: August Sanders, Diane Arbus, Robert Frank, Walker Evans eta bere lagun Richard Sandler. Sebastian Liste argazkilari espainiarra ere gustuko du.

Beti darama argazki kamara bat soinean. Ez du bere burua kaleko argazkilari gisa deskribatzen (Street Photographer), baina kalean ere argazkiak ateratzen ditu eta naturaren inguruko lan zein bildumak egiten ditu. Halaber, urteak daramatza bere etxeko bizitza dokumentatzen; bere hurrengo erakusketa, hain zuzen, aitatasunaren ingurukoa izango da. Wang New York-en bizi eta bertan egiten du lan.