Hasi da kiroldegiko uda kanpaina

2017/06/19
Card image cap
Arrasateko Kirol Zerbitzuak abian jarri du 2017ko Uda Kanpaina eta aurten ere udako abonua eskuratzen dutenek sari ezberdinak irabazi ahal izango dituzte. Udako abonuaz gain, hilabeteko abonua egiteko aukera ere egongo da

Uda gainean daukagu jada eta Arrasateko Kirol Zerbitzuak ia dena prest dauka data horietarako. Datorren astelehenean, hilak 19, irekiko dira kanpoko igerilekuak goiz eta arratsaldez, eta horretarako egun hauetan atontze lanekin amaitzen ari dira, urtero bezala, Arrasateko eta inguruko jendea hartzek. Aurtengoan ere bertan aurkitu ahal izango dira ping-pong mahaiak, toboganak, jaki eta edari txosna…  Etzaulki zerbitzua ere eskainiko dute kiroldegian eta beraz, ez da zertan etxetik ekarri behar izango.

Baina, ekintzak ez dira igerilekura bakarrik mugatzen eta horregatik hainbat ikastaroz beteta etorriko da uda sasoia. Urtean zehar dauden ikastaroek jarraituko dute bere horretan (ordu aldaketaren bat salbu) eta gainera bai haurrentzat zuzenduta eta baita helduei zuzenduta ere beste ikastaro batzuk abian jarriko dira: patinajea, Nordic Walking…

Gogoratu behar da Udarako, igerilekuko abonua egiterik badagoela, baina baita ere, urte guztian zehar dagoen moduan, hilabeteko abonua egiteko aukerak existitzen duela plus modalitatean, edota 10 eguneko bonoa erostekoa ere. Jarraian agertzen dira abonu bakoitzaren prezioak:

2017 uda abonuak taula 1

2017 uda abonuak taula 2

 

Aurten ere sariak

Aurtengo kanpainan ere ez dira sariak faltako. “Inguru Abentura” eta “Hontza Extreme” enpresei esker hainbat sari banatuko dira. Sari hauen zozketan sartzeko bete beharreko baldintza bakarra ekainaren 22a baino lehen udako abonua ateratzea izango da. Aurten zozketatuko diren sariak honako hauek izango dira:

  1. Albeniz-Asparrenan (Araba) kokatuta dagoen “Inguru Abentura” enpresak eskainitako hiru sarrera bikoitz
  • 2 sarrera Arroila jaitsierak egiteko
  • 2 Sarrera Zubi Saltoak egiteko
  • 2 Sarrera  Espeleologia egiteko
  1. Otxandion kokatuta dagoen Hontza Xtreme parkerako 2 sarrerako 5 sari.