Hasi dira Biteri haur parkea berritzeko lanak ideien lehiaketako irabazlearen proposamena aintzat hartuz

2018/01/25
Hobekuntzen artean, besteak beste, lurzorua egokitu, haur jolasak berritu eta egungo dorre jokoa dragoi itxura izango duen atrakzio berri batengatik ordezkatuko dira.

Arrasateko haur parkeak biziberritzeko apustuan, oraingoan Biteriko jolas-gunea egokitzeari ekin dio Udalak, espazio hori herritarren eta bereziki haurren behar eta nahietara egokituz.

Horretarako, ideia lehiaketa bat jarri zuen martxan 2016ko maiatzean, non arrasatearrek, heldu zein haurrek, aipatutako parkea eta Itxaropenakoa berritzeko beren proposamenak aurkeztu ahal izan zituzten. Guztira 64 proposamen jaso zituen Udalak eta horien artean saria banaketa ere egin zuen, adin-mailatan banatuta, nagusiak batetik eta haurrak bestetik.

Orain, proposamen irabazleen bideragarritasuna aztertuta, Biteriko haur parkea eraberritzeari ekin dio. Bertan egingo diren hobekuntzen artean, lurzorua egokitu, arriskuak ekiditeko puntadun ertza duten jardinerak biribildu, parking-etik irten ahala dagoena kendu eta hormigoizko bankuetan egurra jarriko du Udalak, modu honetara, eserlekuak atseginagoak izan daitezen.

Haurren jolasei dagokienean, orain daudenak hobetu eta berrituko ditu eta horrez gain, ideia lehiaketako haurren mailako proposamen irabazleari jarraiki, gaur egungo dorre jokoa kendu eta horren ordez, dragoi itxura izango duen atrakzio edota jolas berria jarriko du, Arrasate eta dragoiaren kondairari erreferentzia eginez. Aipatu lanak bi hilabetez luzatuko dira eta 118.940,77€ko aurrekontua izango dute.

Eraberritze eta egokitzapen lan horiek guztiekin Udalak helburu du haurrei aisialdi eta jolas gune eta aukera berriak eskaintzea, herriko parkeak egungo behar eta garaietara egokituz. Bide horretan, besteak beste Gorostizako parkea estali edota Munar eta Zaldibarkoa ere berritu ditu eta 2018ra begira, Biteriko jolas-gunearekin batera, Itxaropena parkea estaltzea eta Musakolako Nao Santiago edo San Andreseko Kurtze Txiki jolas.parkeak berritzea aurreikusi du.