Haur Danborradak 60 traje berrirekin desfilatuko du zapatuan, ekainaren 18an

2022/06/15
Bi barrilero konpainiak traje urdina eta berdearekin desfilatuko dute, zaldien gainean doazen neskatilak lila koloreko trajez eta jeneralak traje beltzez

Datorren zapatuan, ekainak 18, Arrasateko Haur Danborradak kalera irtengo du bi urteren ostean, eta 2 konpainiak traje berriak estreinatuko dituzte, kapitainak eta zaldi gaineko hiru neskek.

Guztira 180 lagun inguruk irtengo dute: 3 barrilero konpainia, 2 danbor konpainia, Ziorlako auzoak sortutako konpainia berria (30 bat haur) sukaldariak (12 lagun), kantinerak (12 lagun) eta gastadoreak (5) eta karrozan 22 haur inguru.

SUDC elkarteko kideek 63 traje berritu dituzte, Amaia Albes diseinatzaile arrasatearraren eta Natalia Garcia jostunaren laguntzarekin:

  • Bi barrilero konpainia: traje urdina eta berdea.
  • Zaldien gainean doazen neskatilen trajea: lila kolorekoa.
  • Jeneralaren trajea: kolore beltzekoa.

Horrez gain, Helduen Danborradak ere 3 traje berri estreinatuko ditu: zaldien gainean doazen neskatilek lila koloreko trajez irtengo dute.

Carmen Albes eta Juan Luis Arcauz SUDCeko kideek nabarmendu dute traje berriak egiteko prozesua 2019ko abenduan hasi zela: “trajeek 30 urtetik gora zuten eta ordezkatzeko beharra ikusi genuen. Udalarekin harremanetan jarri ginen eta 12.000 euroko laguntza eman ziguten lehen trajeak berritzeko. Asmoa da pixkanaka-pixkanaka traje guztiak berritzen eta eguneratzen joatea. Covid-19aren pandemia hasi zenerako trajeak prest genituen. 2020ko jaietan estreinatzea zen helburua, baina, azkenean, aurten ikusiko dute argia. Kolore biziak, herrikoiak eta dotoreak erabili ditugu, diseinu zoragarriekin. Gogotsu gaude herritarrek haur danborrada itxura berritua ikusi dezaten eta harekin gozatu dezaten”.

Maria Ubarretxenak eskertu eta zoriondu du SUDCeko kideen eta boluntario guztien lana: “haurren zein helduen danborradaren antolakuntza ez da batere lan makala. Gure jaietako ekintza garrantzitsuenetako eta kuttunenetako bat da, eta guztia, udalaren laguntzarekin, boluntarioek egiten dute, SUDCeko kideek zein danborradan irten eta laguntzen duten herritar guztiek. Garrantzitsua da herri honen aktibo inportanteena nabarmentzea: arrasatearrak.

Dei egiten diet herritarrei zapatuan kalera irten eta danborradan parte hartu dezaten, baita SUDCeko kideei lagundu diezaieten ere”.

Pixkanaka-pixkanaka eta konpainiaz konpainia, SUDCek eta udalak danborradako trajeak berritzen jarraituko dute.